Garoña 2019ra arte zabalik izateari atea ireki dio Industria Ministerioak

2013ra arte hartu beharreko segurtasun neurri batzuk atzeratzea ere proposatu du Espainiako GobernuakNuclenorrek irailaren 6ra arteko epea du ustiapen baimenaren luzapena eskatzeko

Araba Garoñarik Gabe plataformak zentral nuklearra ixteko eskatzeko manifestazioa egin zuen iragan larunbatean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) lege aldetik ez du oztoporik 2019. urtera arte lanean jarraitzeko. Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak hori baldintzatzen zuen zailtasun bakarra kendu zuen atzo: aurreko gobernuak 2009an emandako ustiapen baimenaren lau urteko luzapena. Horrenbestez, Mariano Raxoik hauteskunde kanpainan iragarri bezala, Garoña lanean jarduteko aukera 48 urte bete arte luzatuko du.

Jose Manuel Soria Industria ministroak sinatu du agindua, eta luzapena eskatzeko epea ezarri dute bertan: Nuclenorrek, zentralaren jabeak, irailaren 6ra arte aurkeztu ahal izango du. Luzapena sei urtekoa izango da gehienez, 2019ra artekoa. Eskari formalaz gain, hainbat agiri ere aurkeztu beharko ditu Nuclenorrek, gehienak azken lau urteetan egindako zaintza eta segurtasun lanekin lotutakoak.

CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Nuclenorri agindu zizkion segurtasun neurriak egiaztatzeko eskatu du Industria Ministerioak. Ordea, orain arte egin ez dituen lanak egiteko denbora gehiago eman dio enpresari, ustiapen baimena 2013ra arte mugatu izanaren ondorioz zenbait lan ez dituela egin onartuz. Lan horiek bi multzotan banatu ditu gobernuak: zaintza, ikuskapen, kudeaketa eta mantentze lanak, alde batetik, eta Aldizkako Segurtasun Azterketan agindutakoak, bestetik.

Hil honen 6a baino lehen, etzirako beraz, Nuclenorrek CSNri jakinarazi behar dizkio egin dituen lanak. Nuclenorrek urtebeteko epea izango du Aldizkako Segurtasun Azterketan agindu zizkioten eta egin ez dituen lanak egiteko. Horrez gain, zaintza, ikuskapen, kudeaketa eta mantentze lanetan 2019ra arteko epea izango du aholkatu zizkiotenak eta orain arte egin ez dituenak gauzatzeko.

«Segurtasunaren amnistia»

Alberto Friasek, Lurra sareko kideak, «segurtasun neurrien amnistiatzat» jo ditu neurri horiek. «Luzapenak ekar ditzakeen ondorioen erantzule egiten dugu Alderdi Popularraren gobernua». Ildo beretik jo du Eguzkik, eta nabarmendu du zentralari 2009an agindu zizkioten hobekuntzetatik gutxi batzuk baino ez dituela egin. «2009ko dekretutik hona egin beharreko berrikuntzen %25 baino gutxiago egin ditu», gogorarazi du agiri baten bidez.

Garoñaren ustiapen baimena luzatzeko erabakia Europan nagusi den ideiaren aurka doala gogorarazi du Lurra sareak, eta salatu du hori argudiatzeko erabilitako arrazoiak «gezurrak» direla. «Gobernuak energia enpresekiko duen mendekotasuna ezkutatzeko erabiltzen dituen jostetak dira». Bide batez, Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresen jokabidea kritikatu du. «Ez da onargarria Arabako ahaldun nagusia Espainiako Gobernuarekin lerrokatzea eta probintziako herritarrei bizkarra ematea».

Greenpeacek aurreratu du Garoñako zentralaren jarduna luzatzeko erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela. «Sen onari jaramonik egin ez, eta konpainia elektrikoen interesak itsuan defendatzen ditu», nabarmendu du Raquel Monton nuklearren arloko arduradunak. Agindua onartu aurretik egin zizkioten proposamenak ez dituztela aintzat hartu azaldu du, 12.000 pertsonaren babesa zuten arren. Soriak sinatutako erabakiak Espainiako «energia politikarik eza» islatzen duela gaineratu du, eta gai horri heltzeko eskatu du.

Luzapena baimentzeko baldintzen artean CSNk egin beharreko zaintza lana ere aipatu du Soriak; «babes eta segurtasun» baldintzak ikuskatzeko ardura gogorarazi dio. Eguzkik, berriz, salatu du CSN ez dela egiten ari agindu dioten zaintza lan hori. «Azkeneko hiru urteetan CSNk ez du izan kontrolik zentralaren gainean». Eguzkik gogorarazi du Garoñako zentralak «akats eta anomalia ugari» izan dituela, eta CSNk egoera «onargarritzat» jo duela.

Arabako Bilduk ere gogor kritikatu du erabakia, eta ohartarazi du energia enpresen interes ekonomikoak lehenetsi eta segurtasuna bigarren lerroan utzi dela. Bilduk gogorarazi du zentral nuklearra egiteko inbertsioa aspaldi berreskuratu dutela, eta gogora ekarri ditu Iberdrolak zein Endesak —Nuclenor osatzen duten bi enpresak— dituzten irabaziak eta zerga abantailak.

Erronka, «ilusioarekin»

Nuclenor pozik agertu da Industria Ministerioak idatzi duen aginduarekin. «Santa Maria de Garoñak merezimenduz lan egin dezakeela frogatzeko erronka ilusioz, profesionaltasunez eta ausardiaz hartzen dugu», nabarmendu du Jose Ramon Torralbo zentraleko zuzendariak. Bide batez, aurreratu du Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzek ez dutela batere «arazorik» ekarriko: «Ez dago luzapena baldintzatu dezakeen arazorik, ez babes ezta segurtasun arloan ere».

Soria ministroaren erabakia lan zorrotzari emandako saritzat jo du Nuclenorrek, eta berretsi du aurrerantzean ere «Burgosko garapen eta lana faktore erabakigarria» izan dadin lan egiteko asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.