Gasteizko Udalak helegitea aurkeztuko dio Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearraren jarduera luzatzeko erabakiari. Espainiako Gobernuak ustiapena 2019. urtera arte luzatzeko eman duen baimen horren aurka egingo du; hau da, helegiteak aurrera egingo balu, Nuclenorrek zentrala 2013. urtean itxi beharko luke, PSOEren gobernuak zehaztutako egunean.
Udalbatzako alderdi guztiek aho batez onartu dute Espainiako Gobernuaren azken erabakiari errekurtsoa jartzeko erabakia. EAJk, Bilduk eta PSE-EEk adierazpen instituzional bat abiatu dute, eta PPk bat egin du horrekin. Hain zuzen ere, Javier Maroto alkateak (PP) zentralaren aurkako jarrera agertu du aurrekoetan, eta, berriro ere, bere alderdiaren irizpideen aurkako jarrera bat defendatu du.
Udalbatzak, onartutako adierazpenean, azaldu du Garoña Espainiako zentral nuklearrik zaharrena dela, eta sorreratik ezarri zioten 40 urteko iraupena gainditu duela nabarmendu. «Funtzionamendua luzatzeak arrisku onartezina dakar ingurumenarentzat eta segurtasun publikoarentzat, istripu bat egonez gero ezbaian jarriko bailuke milioika pertsonaren segurtasuna».
EAJk zentral nuklearra ixteko eskatzeko deia egin du Arabako Biltzar Nagusietan. Gogora ekarri du azken urteetan mota horretako egitasmoak hainbatetan onartu direla, eta gogorarazi du herritarren osasuna arriskuan jartzen ari direla interes ekonomikoak lehenesteagatik.
Araba Garoñarik Gabe plataformak, berriz, elkarretaratzea egin zuen atzo, PPren egoitzaren aurrean, Espainiako Gobernuaren erabakia kritikatzeko.
De Andres, helegitearen aurka
Javier de Andres diputatu nagusiak kritikatu egin du Garoñaren baimena luzatzeko erabakiari errekurtsoa jartzea. Hain zuzen ere, Gasteiz Irratian jakinarazi duez duela ikusten «oinarri juridikorik» helegite hori egiteko.
Garoña ez ixteari helegitea jarriko dio Gasteizek
Udalbatzak aho batez eskatu du zentral nuklearra ixteko, zabalik eustea «arrisku onartezina» delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu