Garoña hamar hilabete barru ixteko txosten teknikoak eskatu ditu CSNk

Epeak luzatzeko aukera gehiago ez dagoenez, Nuclenorrek azaroaren 6rako aurkeztu beharko ditu eskatutako agiriak

Greenpeacek Garoñako zentralaren hormetako batean islatu zuen irudi hau, Fukushimako hondamendia gogora ekarriz. PEDRO ARMESTRE.
mikel p ansa
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
CSNk egin du argia azkenean. Garoñako zentral nuklearra ixteko txosten teknikoak eskatu dizkio Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak zentralaren jabeari, Nuclenorri. Osoko bilkura egin zuen atzo CSNk, eta Garoñako zentralaren inguruan sortutako egoera aztertu. Orain arte esandakoa berretsi du CSNk bileraren ostean: Garoñaren jarduera luzatzeko baimena eskatzeko epea amaitu egin da, eta ez dago luzatzeko modurik. Eta ondorio argia izan arren oraindik inork egin ez duena egitea erabaki du: zentrala ixteko txostena eskatzea. Nuclenorrek azaroaren 6ra arteko epea izango du dokumentu horiek aurkezteko.

Berez 2009an bukatu zitzaion jarduera baimena Garoñako zentralari. PSOEren gobernuak CSNri txostena eskatu zion; beste hamar urtez lanean jarrai zezakeela ondorioztatu zuen CSNk. Baina, azkenean, lau urtez luzatzea erabaki zuen PSOEk. 2013ko uztailaren 6ra arte lanean jarraitu ahal izango zuen, beraz, Garoñak.

PPk, ordea, argi azaldu izan du Garoñaren bizia eta jarduna luzatzeko asmoa, eta horretan saiatu da Madrilgo gobernua eskuratu duenetik. Zentralaren jarduera 2019 arte mantentzeko, agindu bat eman zuen Jose Manuel Soria Industria ministroak uztail honetan bertan. Agindu horrekin, Nuclenorri aukera eman zioten Garoñaren jarduna 2019 arte luzatzeko; Nuclenorrek irail honen 6rako aurkeztu behar zuen eskea.

Soriak agindua sinatu aurretik, zentrala ixteko lan tekniko batzuk hasiak zeuden: Enresak —hondakin erradioaktiboez arduratzen den enpresa publikoak— aurkeztu zuen Garoña husteko planaren lehen zirriborro bat, joan den abenduan; CSNk, berriz, Agindu Tekniko Osagarria onartua zuen, Garoña ixteko oinarrizko txostena dena.

Soriak agindua sinatzearekin batera, ordea, Enresaren plana airean geratu zen, eta CSNk Agindu Tekniko Osagarria ere baliogabetu egin zuen. Zentrala ixteko abiatutako lanak etenda geratu ziren, beraz, Nuclenorrek Garoñaren jarduera 2019 arte luzatzeko asmoa zuelakoan. Irailaren 6ra arteko epea eman zioten Garoñaren jabeari, jarduera baimena luzatzeko eskaera egin zezan.

Industriari, ezetz

Joan den abuztuan, Industria Ministerioak berak eskatu zion CSNri epe hori luzatzeko. Baina ezetz erantzun zuen CSNk. Berez, berandu ari zirela onartu zuen. Zentral nuklear bat ixteko, legeek agintzen dute jarduera eten baino urtebete lehenago aurkeztu behar direla, gutxienez, ixteko lehen agiriak. Irail honen 6tik datorren urteko uztailaren 6ra hamar hilabete daudenez, epe hori ja nahikoa murritza zela esan zuen CSNk. «Epea gehiago murrizteak kalte egingo lioke CSNk egin beharreko azterketaren sakontasunari eta zorroztasunari», ohartarazi zuen. Zentral nuklearrak desmuntatzeko agiriak aztertu eta lantzeko urtebete inguru beharrezko dela ziurtatu zuen orduan.

Baina irailaren 6a iritsi zen, eta denak harritu zituen Nuclenorrek, Iberdrolak eta Endesak erdibana osatzen duten enpresak: Garoñaren bizitza ez luzatzea erabaki zuen. Baimena eskatu ez, baina gutuna bidali zion Industria Ministerioari. Gutun horretan, Soria ministroari esan zion sektore elektrikoa «ziurgabetasun» handian bizi zela etorkizunari buruz, eta ez zuela Garoñaren jarduera luzatzeko modurik, sektore elektrikoak etorkizunean zer egoera izango zuen jakin gabe.

Soria ministroaren egitasmoetako bati buruz ari ziren Iberdrola eta Endesa gutun horrekin. Sektore elektrikoari beste tasa eta zerga batzuk ezarri nahi dizkie Soriak, eta energia nuklearrari eta hidraulikoei zerga bereziak erantsi gainera: nuklearra, megawatt-orduko hamar euro ordaintzera behartu nahi du; hidraulikoa, megawatt-orduko hamabost euro ordaintzera. Energia berriztagarriei sariak kentzea ere proposatu du Soriak. Sektore elektrikoaren erreforma horrekin kritiko dira sektoreko enpresak, eta kritika hori sumatu da Garoñaren baimena luzatzeko eskaria ez aurkezteko erabakiaren atzean.

Sektoreak etorkizunean nolako irabazi, galera eta zergak izango dituen ezagutu gabe Garoñan egin beharrekoak dituzten inbertsioak egitea ezinezkoa dela argudiatu du Nuclenorrek. 2019 artean lanean jarraitzekotan, hainbat egokitzapen eta obra egin beharko zituzkeen Garoñan. Lan horien kostua 120 milioi eurokoa litzatekeela esana zuen Nuclenorrek, gastua berdintzeko erarik izango ote zuen ez zekiela alegia.

Nuclenorrekin harrituta

Espainiako Gobernuak ez dio Nuclenorren gutunari erantzun publikorik eman; ez zuzenean, baina bai zeharka. Ministroen kontseiluak joan den ostiralean egin zuen bilera, eta Nuclenorri beste epe bat emateko modurik ez zegoela adierazi zuen Soraya Saenz de Santamaria eledunak. Gerora,Jose Manuel Soria ministroa harrituta agertu da Nuclenorren erabakiarekin. Aste honetan azaldu du baimena irailaren 6rako eskatzeko esan ere egin ziola Nuclenorri; gero baimen hori erabili beharrik ez bazuen bertan behera uzteko aukera izango zuela.

Talde ekologistek ontzat jo zuten Nuclenorrek baimena ez eskatzea, baina errezeloz egon dira azken egunotan, gobernuak zer egingo. Izan ere, epea luzatzeko modurik ez zegoela esan arren, Garoñak ixteko prozedura hasi behar zuela ere ez du inork esan. Greenpeace talde ekologistak, esaterako, gutuna bidali zion astelehenean, Garoñaren itxierari buruzko prozedura hasteko eskatuz.

Eta egoera argitu du, azkenean, CSNk. Nuclenorrek baimena eskatu ez duenez eta epea luzatzeko modurik ikusten ez duenez, lehendik onartua zeukan Agindu Tekniko Osagarria berriro indarrean jartzea erabaki du CSNk. Agindu horren arabera, Garoña betiko ixteko txostenak igorri beharko dizkio Nuclenorrek, bi hilabeteko epean.

Beste ohar bat ere egin du CSNk: Nuclenorrek baimena eskatu ez duenez, zentralaren segurtasuna ere behatuko du kontseiluak. 2013ko uztailaren 6ra bitartean, zentralaren jarduera segurua izango dela bermatzea da xedea, CSNren esanetan. Hamar hilabete gelditzen zaizkio, beraz, Garoñako zentralari. Ixteko prozedurak eta lanek, ordea, urteak beharko dituzte. Garoñaren itxiera hasi baino ez da egin oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.