Garoña ixteko agindua baliogabetu egin nahi du Espainiako Gobernuak

CSNk aukera ematen badu aurreko gobernuaren erabakia atzera botako duela iragarri du Industria ministroakSoriak adierazi du PPren gobernuak ez duela zentral nuklearrik itxiko

inaki petxarroman
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
PSOEren gobernuak Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixteko emandako agindua baliogabetzeko borondatea duela iragarri du Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak. Kanaria uharteetan atzo egindako adierazpenetan, Soriak argi utzi zuen Mariano Raxoiren exekutibo berriaren asmoa: «Gobernu honek ez du itxiko zentral nuklear bakar bat ere».

Hala, aurreko gobernuak 2009an eman zuen zentrala ixteko agindua bertan behera gera daiteke laster. Horretarako Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseilura (CSN) joko duela iragarri du Soriak, jakiteko ea zentralak martxan jarraitzeko baldintzak betetzen ote dituen.

Hala balitz, aurreko gobernuak emandako agindua bertan behera utziko luke Madrilek. Horrekin batera, 2019ra arte lanean jarraitzeko baimena emango lioke Raxoiren gobernuak zentralari. Izan ere, Soriak esan duenez, PPren gobernua ziur da Garoñak ahalmena duela «energia garbi eta merkea» ekoizten jarraitzeko data horretara arte.

Eta «merke» ekoizteari garrantzi handia ematen dio gobernuak, Soriak esan duenez. Gaur egun dituen ekoizpen kostuekin ezin baitu lehiatu Europako beste hainbat herrialderekin. Soriak dioenez, familiei eta industriei argindarra bermatu behar zaie «ahalik eta preziorik merkeenean».

Hala, ministroak ziurtatu du gobernuak ez duela erreaktorerik itxiko, «argindarraren prezioa merkatu nahi den garai honetan». Zentral nuklear zaharrak ez ixtea da Soriaren asmoa. Baina erreaktore nuklear berririk ez duela baimenduko iragarri du. Ildo horretan, energia nuklearrarentzat aurreko gobernuak ezarritako luzapena errespetatzeko asmoa duela esan du.

Historia luzeko zentrala

Garoñako zentral nuklearra 1971n jarri zuten martxan, eta Espainiako zentral nuklearrik zaharrena da. Berez 2009ra arteko baimena zuen, baina urte hartan Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak lau urte gehiago jarraitzeko baimena eman zion. Horrekin batera, zentralak 2013ko uztailean itxi beharko zuela iragarri zuen. CSNk txosten bat prestatu zuen Garoñaren jarduera noiz arte luza zitekeen aztertzeko, eta 2019ra arte irekita jarrai zezakeela iradoki zion gobernuari.

Ekologistek behin baino gehiagotan ohartarazi dute Garoñako zentral nuklearra ez dela segurua eta, besteak beste, hoztesisteman arazo larriak dituela. Joan den astean emandako prentsaurreko batean, Greenpeace, Amigos de la Tierra, Ecologistas en Accion, WWF eta Seo/BirdLife erakundeek gogorarazi zuten zentraleko oinarrizko sistema pitzatuta dagoela eta ez liokeela eutsiko hegazkin baten kolpeari.

Hain zuzen ere, Enresak, hondakin erradiaktiboez arduratzen den enpresak, Garoña ixteko plana helarazi zion Espainiako Industria Ministerioari. Hala, oraingoz 2013an ixteko planarekin lanean ari direla adierazi du zentralaren jabe Nuclenorreko bozeramaile Elias Fernandezek. Ildo horretan, gogorarazi du PPren gobernuak CSNren esku utzi duela ixteko prozesua bertan behera uzteko erabakia eta ikusi egin beharko dela hark zer dioen. Fernandezek uste du aurreko gobernuaren agindua bertan behera uzteak ez duela «zaila» izan beharrik. Baina aitortu du ez dela oso ohikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.