Garoñaren aurka, Fukushima gogoan

Burgosko zentrala ixteko eskatu dute ehunka pertsonak, Japoniako istripuaren lehen urteurrenean

Iberdrola dorrearen aurrean amaitu zen Garoñaren aurkako atzoko manifestazioa. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
1971n jaio ziren biak, eta, biki askok bezala, antza dute hainbat kontutan: teknologia bera daukate, euste sistema bera, eta antzeko potentzia. Bikietako batek, Fukushimakoak, istripua izan zuen gaur dela urtebete: Japonia ekialdean izandako lurrikarak askotariko kalteak eragin zizkion lau erreaktoretan; zentral nuklearretik hogei kilometrora bizi ziren 80.000 lagunek etxetik alde egin behar izan zuten, eta erradiazioa Tokiora ere iritsi zen, Fukushimatik 200 kilometrora. Mugimendu ekologistak etorkizun bera opa dio haren bikiari, Garoñako zentral nuklearrari: itxiera. Baina Fukushimaren patutik urrun, istripuak saihesteko, gobernuaren aginduz nahi dute bere jarduna eten dezan.

Mobilizazio asteburua dute ekologistek. Fukushimako istripu nuklearraren lehen urteurrena probestu dute zenbait taldek Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) instalazioen arriskuak gogora ekartzeko, eta Espainiako Gobernuari eskatzeko zentrala «berehala» ixteko.

«Fukushima gehiagorik» ez duela nahi adierazi zuen Eguzki talde ekologistak atzo goizean, Donostiako Kontxako hondartzan energia nuklearraren aurkako sinboloa marraztuz: ia 2.000 metro koadroko eguzkia. «Zaharkituta dago, arriskutsua da, ez da beharrezkoa eta aspalditik amortizatuta dago», gaineratu zuten atzo arratsaldean Bilbon eginiko manifestazioaren antolatzaileek.

Garoña itxi orain! eta Nuklearrik ez lelopean, ehunka lagun ibili ziren hiriburuko kaleetan. Besteak beste, Ekologistak Martxan, Eguzki, Sagarrak eta Greenpeace talde ekologistek, CCOO, ESK, LAB, ELA eta EHNE sindikatuek, eta Aralar, Bildu, Alternatiba, ezker abertzalea, EB eta Equo alderdi politikoek deitu zuten martxan parte hartzera.

Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen manifestazioa, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren ondotik. Kutsaduraz babesteko jantziak eta maskarak soinean zituzten batzuek, hondakin nuklearrak gordetzeko latontziak beste batzuek. Sirena hotsen eta nuklearren aurkako aldarrien artean heldu ziren ibilbidearen amaierara: Iberdrola dorrera.

Bikiari begira

Fukushimako istripua gogoan izan zuten manifestariek etengabe. Izan ere, datu larriak utzi zituen. Txernobilgo (Ukraina) ezbeharraren ostean, inoizko larriena izan zen Japoniakoa: erradiaktibitateak pertsonen osasunean eta ingurumenean izango duen eragin zehatza jakiteko goiz den arren, 7.000 lagun erradiazio handiaren eraginpean egon ziren, eta guneko kutsadura garbitzeko lanek 25 urtez iraungo dute, besteak beste, oraindik ez dakitelako hondakin erradiaktiboekin zer egin.

Istripuak lurrikara eragin zuen, era berean, Europako hainbat herrialdetako politika energetikoan. Alemaniak, adibidez, zazpi zentral nuklearrik zaharrenak berehala itxi zituen, eta gainerako hamarrak 2022ra bitartean amatatzen joateko programa onetsi zuen. Erabaki hura berretsi zuen atzo Angela Merkel kantzilerrak: «Garatutako herrialde industrial batean ezinezkotzat genituen arriskuak gertatu ziren. Itzaltzea azkartzeko beharraz konbentzitu ninduen horrek».

«Espainiak, ordea, Fukushimako istriputik ikasi beharrean, Garoñako zentral nuklearraren bizitza 40 urtetik gora luzatzeko erabakia hartu du, 2019ra arte», salatu zuten Bilbon. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseilua alde agertu izana ere deitoratu zuten. «Txosten horren balioa zalantzan jartzen dugu, kontseiluaren objetibotasunik ezagatik». Edonola ere, talde ekologistek gogora ekarri zuten Garoña ez dela beharrezkoa. Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian ekoizten den elektrizitatearen %1,5 baino ez da zentraletik ateratzen: «Ekarpen hori ohiko energiek eta energia berriztagarriek ordezkatu dute aspalditik».

Aldiz, errentagarritasuna du Garoñak bere alde, aspalditik amortizatuta baitaude instalazioak: «Bizitza ekonomikoa orain hamabost urte bete zuen. Hori dela eta, oso errentagarri bihurtu da: erregai erradiaktiboa, langileen soldatak eta konponketa lan eskasak baino ez dira gaur egungo kostuak».

Garoña ixteko eskaria ez da berria, ordea. Euskal gizarteak zein erakundeek hainbatetan eskatu dutela eta, gehiengoaren borondatea onesteko galdegin zioten Mariano Raxoiren gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.