Garoñaren kontrol barretan akatsak izan daitezkeela aitortu du egileak

Arazoari aurre egiteko ezer egin ez izana egotzi dio Greenpeacek Nuclenorri, eta zentrala ixteko eskatu du

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
General Electric konpainiak egindako txosten batek dio Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) duen moduko erreaktoreek akatsak izan ditzaketela kontrol barretan. «Lurrikara baten tankerako hondamendiren bat egongo balitz, horrek eragina izango luke zentralaren segurtasunean», onartu du konpainiak. Erreaktoreak BWE/2-5 motakoak dira, eta General Electricek berak ekoizten ditu.

Arazoa ondorengoa da: interferentziak izaten dira kontrol barren eta erregai kanalen artean. Erregai kanalak neutroiak xurgatzeaz arduratzen dira. Interferentzia horiek gertatuz gero, arriskua egongo litzateke erreaktorearen nukleoan fusio bat izateko.

General Electricek Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari jakinarazi dio arazoa, baita mota horretako erreaktore nuklearrak erabiltzen dituzten enpresei ere. Ameriketako Estatu Batuetan kezka eragin du berriak. Izan ere, kontrol barretan arazoak izateak zera eragingo luke: zentrala geratzeko arazoak izatea hondamendiren bat gertatuz gero.

Garoña kudeatzen duen Nuclenor enpresak irailean jaso zuen arazo posible horren berri. Baina gero ez zuen aipatu erresistentzia azterketetan. Fukushimako ezbeharraren ostean, Europako Batasunak aginduta egin behar izan zituzten zentralek azterketa horiek. «Arazoa ez da horren garrantzitsua, eta halako interferentzien kontrola egiten dugu segurtasun azterketetan. Konpainiak berak kontrol horiek egiteko hainbat irizpide eman dizkigu, baita interferentziak egonez gero nola aurre egin ere».

Dena den aitortu du arazoak izan daitezkeela, batik bat erreaktoreen kanpoko barretan. «Horregatik egiten ditugu tarteka kontrolak. Interferentzia maila baimendutakoa baino handiagoa balitz, erreaktorea geratu egingo genuke».

Greenpeace talde ekologista kezkatuta dago gertatutakoarekin. Horren arrazoia azaldu du energia nuklearren gaietarako elkarteko bozeramaile Carlos Bravok. «Arrisku horren berri izan bezain laster Nuclenorrek kontrol barren sistema guztia aldatu behar zuen. Izan ere, agerian geratu da barrak ez direla egokienak. Erreaktorearen egileak berak onartu du hori».

Bravok salatu du aldaketa horiek egiteko inbertsio handiak egin beharko lituzkeela Nuclenorrek. «Horregatik erabaki du ezkutatzea. Hala, oharra egin du. «Garoña inguruan lurrikara bat egongo balitz, eta kontrol barrek ez balute behar bezala funtzionatuko, erreaktorearen nukleoan behin-behineko fusio bat izateko arriskua egongo litzateke. Horrek zentralaixtea ekarriko luke, ezinbestean». Hala, beste behin ere zentrala ixteko eskatu du Greenpeacek. «Zaharkituta» dagoela gogorarazi du, eta erreaktorea Fukushimako zentralaren berdina dela.

Zentrala ixtearen aurka dago, ordea, Espainiako Gobernua. Aurreko astean bertan Ministroen Kontseiluak berak Garoñaren egoeraren inguruan beste azterketa bat egiteko agindu zion Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari (CSN). Proba horien emaitzak izateko hilabete batzuk beharko direla nabarmendu du CSNk.

Edonola ere, uztaila baino lehen egon beharko dute prest. Izan ere, ordurako dago jarrita Garoña ixteko epea. Hala agindu zuen aurreko Espainiako Gobernuak, eta Auzitegi Nazionalak erabakia berretsi zuen.

PPk Espainiako Gorteetako hauteskundeak irabazi ostean, ordea, egoera aldatu egin da. Jose Manuel Soria Industria ministroak hasieratik defendatu du Garoñak irekita jarraitu behar duela. Horretarako baldintza teknikoak daudela uste du. «Ziur gaude Garoñak ahalmena duela energia garbi eta merke ekoizteko. Gainera, argindarra merkatu nahi den garai honetan ez dugu erreaktorerik itxiko. CSNren txostena itxieraren aurkakoa ez bada, zentralak irekita jarraituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.