Gripea hasi da arrastoak uzten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko koordinatzaile Enrique Peiroren arabera, baina, oraingoz ezin esan liteke eragina gogorra denik. Gainera, aurtengo birusa «klasikoa» dela dio: «Sukarra, buruko mina eta arnas-aparatuan arazoak eragiten ditu».
Esango nuke gizartearen irudipena dela aurtengo gripea gogor samarra datorrela, baina zuen datuen arabera bestela ari da gertatzen, ezta?
Irudipen hori baldin badago, oker dago jendea, bai. Informazio sistemak lagin esanguratsuetatik elikatzen dira, gripeak direla baieztatutako kasuetatik, eta ez batek bere ingurumarian dauzkan ezagunengandik. Argibidea ematen digute Behatoki Sarean diharduten 41 sendagileek, larrialdi-zerbitzuek eta Osabidek, eta bistan da agerpen zehatza eskaintzen digutela asterik aste.
Pandemiaz ere hitz egin zuten batzuek. Oker zebiltzan, ezta?
Pandemiari buruzko larrialdia zabaldu zen, bai, baina ez zegoen inolako oinarririk horretarako.
Baina Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) ohartarazi zuen kanpaina honetako gripearen arriskuaz.
Kontua da udaren aurretik pneumonia asiatikoak oso gogor jo zuela munduko alderdi batzuetan, eta, hori zela-eta, OMEk oharrak bota zituen bi arrazoirengatik: uda pasata berriro jo zezakeelakoan eta gripearen nahiz pneumoniaren sintomatologia oso antzekoak direlako. Alegia, mezua plazaratu zuen jendeak bi koadro kliniko horiekin nahasteko arriskua zuela ikusita. Baina gauza da gurean ez dela mota horretako pneumoniarik izan, eta, beraz, ez dago zertan kezkatu.
Zer dakizue gaur egungo birusaren aldaketei buruz?
Urtero gerta liteke birusaren mutazioa. Baina aurten garrantzitsuena da ezagutu egiten dugula birusa: orain arte egindako birusaren isolamendu guztiak dagoeneko ezagun dugun birus mota batenak baitira, beste urte batzuetan agertu izan delako. Oso garrantzitsua da, txertoa paratzerakoan aintzat hartzeko moduko datu erabakigarria izan baita hori. Oso poztekoa da beste era bateko gripea ez izatea. Eta bere eraginak ez du zertan ezberdina izan behar beste urte batzuetakoaren aldean. Horrek esan nahi du arrisku-taldeentzako prebentzioa badagoela txertoaren barruan.
Eta nolako birusa egokitu zaigu garai honetan?
A (H3N2) izena du. Klasikoa dela esango nuke: arazoak arnas-aparatuan, buruko mina eta sukarra eragiten ditu.
Hesteetako arazorik ez?
Ez bereziki.
Jendeak pentsatzen du: 'Iazko gripea arina izan bazen, akabo aurtengoa: hil egingo gaitu'. Zer diozu?
Ez, ez, hori ez da batere matematikoa, ezta? Ezin liteke horrelakorik ziurtatu: egokitu litezke lau urte jarraian birus arin samar batekin, eta bosgarrenak ez du zertan gogorra izan behar. Esan nahi baita aurretik zehaztu ezinezkoa dela guztiz. Birusaren zirkulazioaren nahiz mutazioaren menpe dago gaixotasunaren eragina, eta inork ez du aurrez kontrolatzen zer birus mota ibiliko den eta zenbat aldiz edo nola aldatuko ote den. Hortaz, egiten den lan zientifikoa da aurreko denboraldietako motarik ohikoenei buruzko datuen jasoketa. Baina, gero, mutaziorik baldin badago, arazoak dauzkagu.
Nafarroako Gobernuak dio espero duela gripeak goia jotzea hilaren 17tik 23ra bitarteko astean. Zuek ere bai?
Guk ez dakigu! Horretarako kristalezko bola baten gisako zerbait beharko genuke, eta guk oraingoz ez dugu ezer... Ezin da aurreikusi. 1999-2000 kanpainan abenduan izan zen, baina batek daki aurten noiz izango ote den.
Nafarroan 50.000 kasu espero dituzte osasun arduradunek.
Baina ez dago batere metodologiarik esateko aurten 50.000 kasu kasu izango direla eta goia azaroan ailegatuko dela. Nire aburuz, intuizioa baino ez dago horretan. Gehien jota, aurreko denboraldiaren araberako jokaera aurreikusi liteke, baina hori ere oso erlatiboa da. Berez, bide zientifikorik ez dago mundu osoan aurreikuspen horiek egiteko. Bestela, pentsa, berebiziko abantaila izango litzateke hainbat eta hainbat konturi begira: adibidez, sorospen-eskaera aldez aurretik manejatu ahal izango genuke osasun zerbitzuetan.
Atlantan egon naiz(Ameriketako Estatu Batuetan), munduko puntako 40 aditu lanean aritzen diren Eritasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentruan. Begira: han denetarik frogatu dute, eredu matematikoak eta abar luze bat, eta inoiz ez dute ezertxo ere lortu, zoritxarrez, kontrolaezinezko aldagaiak baitaude tartean. Nola kontrolatu daiteke birusaren zirkulazioa edo eguraldiarekin nahiz biztanleriarekin zerikusi duten faktoreak? Ez litzateke bidezkoa guk esatea zenbat kasu espero ditugun.
ENRIQUE PEIRO. OSASUN PUBLIKOKO KOORDINATZAILEA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
«Garrantzitsuena da aurtengo birusa ezagutu egiten dugula»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu