Gas isuria Donostian, Perlan

'Spa' zentroan elementu kimikoak nahastu dituzte oharkabean, eta 74 lagun artatu dituzte, kloroa arnasteagatik

Donostiako Udaltzaingoak hainbat orduz itxi zituen talasoterapia zentroko inguruak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Hamalau pertsona Donostiako zenbait erietxetara eraman zituzten eta beste 60 artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek atzo, Donostiako Perla spazentroan gertatutako gas isurketa dela eta. Osasun etxeetara igorritako hamalau lagunek arnasa hartzeko arazoak izan zituzten, baina inork ez zuen ospitalean geratu behar izan.

Donostiako Kontxako pasealekuan dago Perla hidroterapia etxea, eta han kloro ihesa gertatu zen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, azido sulfurikoa eta kloroa nahastearen ondorioz gertatu zen gas isuria. «Ura desinfektatzeko erabilitako elementu kimikoak gaizki maneiatu izanak sortu du kloro lainoa». Donostiako Udalak hipotesi hori berretsi du: «Dirudienez, lixiba eta kloroa nahasteagatik sortu da gas toxikoa». Aldiz, Francis Tamayo zentroko gerenteak argitu du produktu kimikoak enpresa hornitzailearen kamioitik talasoterapia zentro barnera igarotzerakoan egindako oker batek eragin zuela gas ihesa: «Kanpotik ekarritako kloroa kontaktuan izan da pHarekin zerikusia duen biltegi batean zegoen edukiarekin; horrek laino txiki oso toxiko bat sortu du, eta, horregatik, ziztu bizian irten behar izan dugu».

Herrizaingo Sailaren arabera, isurketa gertatu denean, 60 pertsona inguru zeuden talasoterapia zentroan: 30 bat erabiltzaile eta beste horrenbeste langile. Arnasa hartzeko zailtasunak izan zituzten gehienek, eta hamalau Donostiako osasun etxeetara eraman zituzten. Beste 60 zentroaren inguruetan artatu zituzten, zorabioak zirela eta. Donostiako ospitalera eraman zituzten 11, eta Ondarretako osasun zentrora hiru. Donostiako ospitalean artatutako hiruk gaua erietxean igaro dute, Osakidetzak baieztatu duenez.

Zentro barnean zeudenak Kontxako hondartzara irtenarazi eta inguruko taberna eta lokaletan zeudenak ere urrunarazi zituzten. Gainera, isuriak oztopoak eragin zituen hiriko zirkulazioan, udaltzainek eta suhiltzaileek trafikoa eta oinezko eta txirrindularientzako bideak itxi baitzituzten, egoera bere onera ekartzeko lanak amaitu zituzten arte.

Donostiako Udaleko Herri Zaintzarako zinegotzi Nekane Burutaranen arabera, «badaezpada» eraman zituzten osasun etxeetara.

Berriro lanean

Talasoterapia etxeak bere webgunean jakinarazi duenez, gaur bertan irekiko dituzte berriro igerilekuak eta osasun eta estetika guneak. Izan ere, Tamayoren arabera, isurketak ez du gune horietan eraginik izan. Halaber, jatetxea, kafetegia eta gimnasioa atzo ireki zituzten, ez baitzuten kloroa arnasteko arriskurik sumatu. Burutaranez aparte, Mugikortasun zinegotzi Jon Albizu eta Ingurumeneko Axier Jaka talasoterapia etxeko inguruetara joan ziren, egoera konpontzeko lanen nondik norakoen berri jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.