Gasteizek hondamendi eremu izendatzeko eskatu du, joan den asteko txingorragatik

Eskaera onartzeak dituen zailtasunak aurreikusita, Maider Etxeberria alkateak «zuhurrak» eta «errealistak» izateko eskatu die herritarrei.

Txingor ekaitza, Gasteizen, pasa den astean. DAVID AGUILAR / EFE
Sara Iriarte Lasa
2023ko uztailaren 14a
16:37
Entzun

Joan den astean Arabako hiriburuan izandako txingor ekaitza dela eta, Gasteizko Udalak hondamendi eremu izendatzeko eskatu du gaur. Maider Etxeberria Gasteizko alkateak adierazi du «zaila dela» Espainiako Gobernuak eskaerari erantzutea; izan ere, 2009ko ekaitzaren ondoren ez zuten hondamendi izendatzerik lortu. Legez, izendapen hori lortzeko, hondamendiak «herritarren bizi baldintzak larritu» edota «funtsezko zerbitzu publiko batzuk gelditu» behar ditu. Horren harira, «zuhurrak» eta «errealistak» izateko eskatu die herritarrei.

Alkateak azaldu duenez, txingor eta euri ekaitzak «kalte ugari» eragin zituen Arabako hiriburuko eraikinetan eta ibilgailuetan, uholdeak eta ur putzu handiak sortzeaz gain. Udalaren arabera, 1,8 milioi euroko kostua izango du uztailaren 6an eroritako txingorraren kalteak konpontzeak. Datu horrek ez du barne hartzen zuhaiztiari eragindako kaltea, ezta hiriko argiztapenari egindakoa ere.

Kalteak izandako udal eraikinak konpontzeko lanak «ahalik eta azkarren» egingo dituztela iragarri du Etxeberriak. Tartean daude gizarte etxeak, ikastetxeak eta kiroldegiak. Erabiltzaileen profilaren eta zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren arabera erabakiko dute zeintzuk konpondu lehenengo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.