Gasteizen jipoitu zutela salatu zuen emakumea ikertzekotan dira, salaketa faltsuagatik

Urriaren 23ko gauean jipoitu zutela salatu zuen, baina Ertzaintzak inguruko bideoetan ez du topatu arrastorik, ez jipoiarenik eta ez ustezko erasoa egin zuten lau gazteenik.

Emakumezkoak salatutako erasoa gaitzesteko protesta egin zuten Gasteizen, joan den astean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Erredakzioa
2021eko azaroaren 3a
09:21
Entzun

Gasteizko Batan ibilbidearen inguruan jipoitu zutela salatu zuen emakumearen salaketa ikertzen aritu da Ertzaintza azken hamar egunetan, baina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, jipoiaren inongo arrastorik ez dute ikusi inguruetan jarrita dauden kamerek harturiko irudietan. Ondorioz, EFE albiste agentziaren arabera, Ertzaintzak salaketa bat aurkeztu du, delitua asmatu zuelakoan.

Emakumezkoak salatu zuen lau gizon segika izan zituela etxera bidean eta eraso egin ziotela. Hain zuzen, zehaztapen gehiago egin zituen salatzaileak: 30 urteko emakumeak lau gazte «magrebtar» identifikatu zituen erasoaren egile gisa. Irudietan, baina, ez omen dago lau gazteen inolako zantzurik, ez inguru horretan, ez eta emakumeak jipoia salatu zuen orduaren ingurumarian ere.

Ustezko erasoa gertatu zen tokia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren atzean dago, Ajuriaeneko jauregiaren ondoan, eta, ondorioz, kamera asko daude. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Bizkaia Irratian baieztatu du grabazioak aztertzen ari direla eta jarraituko dutela aztertzen, baina oraingoz ez dutela ezer ikusi bideoetan. Emakumea ageri da bakarrik; ustezko erasotzailerik ez. Urrunagoko kameren grabazioen azterketak ez badu ezer berririk ematen, emakumearen aurkako ikerketa ireki daitekeela adierazi du, salaketa faltsua izan den argitzeko.

Salaketa egin zuen emakumea Voxeko hautagaia izan zen 2015eko foru hauteskundeetan, eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak familiaren bozeramaile lanak egin zituen erasoaren ostean. Hark esan zuenez, Ertzaintza «gorroto delituaren» hipotesia aztertzen ari zen. Ikerketaren iturriek, ordea, ezeztatu egin dute delitu hor inoiz hizpidera ekarri dutenik. Kontrara, baieztatuko balitz emakumezkoak eginiko salaketa faltsua dela, sei eta hamabi hilabete arteko zigorra jaso lezake. Erkorekak esan duenez, emakumezkoa gezurretan aritu bada, gertaera horrek «kalte handia» ekarriko lioke elkarbizitzari, «politikoki eta sozialki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.