Indarkeria matxista

Hainbat gizonen artean jipoitu dutela salatu du emakume batek Gasteizen

Emakumeak salaketa jarri du, eta ospitalean dago. Ertzaintza eraso matxista ikertzen ari da. Gertaera gaitzetsi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

jarraia205008.jpg
2021eko urriaren 25a
09:50
Entzun

Asteburuan Gasteizen gertatutako eraso matxista bat ikertzen ari da Ertzaintza. Emakume batek salatu duenez, etxera bidean hainbat gizonek jipoitu zuten. Igande goizaldean gertatu zen, eta emakumeak ospitalera joan behar izan zuen. Han dago oraindik. Salaketa jarri du, eta, adierazi duenaren arabera, gizon horiek berari segika ari ziren jipoitu aurretik. Alde egiten saiatu zen, baina aldentzen hasi zenean joan ziren harengana.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eraso matxista salatu du gaur goizean, Radio Euskadi irratian. Adierazi du «gertakari dramatiko» bat dela, eta nabarmendu du «hala eta guztiz ere» Gasteiz leku «seguru» bat dela. «Gertaera horiek salbuespena dira, baina beti segurua izan den eta askatasunaren eta berdintasunaren alde lan egin duen hiri batean, orain matxismoak berdintasuna mugatu eta emakumeen bizitza baldintzatu nahi du», azaldu du.

Eraso matxistaren egileei dagokienez, «gaitzespen eredugarri bat» merezi dutela esan du Urtaran alkateak, eta pertsona horiek «hirian sobran» daudela azpimarratu du. Halaber, adierazi du batzuek delitugintza immigrazioarekin lotzeko baliatzen dituztela horrelako gertakariak, eta deitoratu egin du jarrera hori. «Halako arazoak sor daitezke erasotzaileak Euskal Herrian jaiotakoak ez direnean, baina indarkeria matxistatik ez gaitu jatorriak salbatuko, berdintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza ereduak baizik», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.