Gasteizko kirol jardueretako langileek sektoreko murrizketak salatu dituzte

Gizarte etxeetako jarduerak %30 murriztu dituztela jakinarazi dute, eta igerileku itxi batzuen irekiera atzeratu dutela. Greba mugagabeari ekin zioten atzo.

Gasteizko kirol jardueren sektoreko langileek agerraldi egin dute, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 2a
13:25
Entzun

Gasteizko kirol jardueretako langileek agerraldia egin dute gaur eguerdian, eta datorren ikasturte honetan sektorean egingo diren murrizketak salatu dituzte. Jakinarazi dutenez, Gasteizko Udalak eskaini ohi duen jardueren programazioaren %30 murriztea erabaki du iazko ikasturtearekin alderatuz gero, eta, ondorioz, langileen egoeran eragina izan du. Are gehiago: ohartarazi dute atzo ireki behar zituztela igerileku estaliak, baina instalazioen erdien irekiera astebetez atzeratu dutela. Horrek lan orduetan murrizketak eragingo dituela adierazi dute, eta lanpostuak galtzeko aukera ere badagoela. Sektorea profesionalizatzeko nahia erakutsi dute, eta haren egonkortasuna aldarrikatu.

Hain zuzen, sektoreko langileek greba mugagabeari ekin zioten atzo, enpresen eta langileen ordezkarien artean akordiorik ez zutelako lortu. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek babestu dute egitasmoa, eta, emandako informazioaren arabera, grebaren erantzuna «positibotzat» jo dute. Esate baterako, sindikatuek azaldu dutenez, atzo udal pilotalekuetako langileen erantzuna «erabatekoa» izan zen. Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuetan, berriz, soilik sorosle bat joan zen lanera. Igerileku itxietan langileen %90ek egin zuen atzo greba. Datozen egunetan ere grebaren arrakasta handia izatea espero dute. Gainera, astelehenean hasiko dira gizarte etxeetako jarduerak, eta baliteke bertako begiraleek ere grebarekin bat egitea, orain arte eginiko batzarretan parte hartu baitute.

Langileek azaldu dute egoera «larria eta onartezina» dela, eta Gasteizko Udalaren jarrera ere salatu dute. Hain zuzen, egun, bi enpresaren esku daude Gasteizko kirol instalazioak: Aiteko eta Disport. Lehenak gizarte etxeetako kirol jardueren ardura du, eta baita Mendizorrotzako igerilekuena ere. Bigarrena, berriz, gizarte etxeetako sorosleez arduratzen da. Sindikatuen arabera, Udalak bi enpresekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen duela bi aste, igerilekuak irekitzeko eta ixteko protokolo bat eskatzeko, besteak beste. Izan ere, erantsi dute eguneko lanaldia ordu erdiz murriztu dela, eta subrogazio baldintzak ez direla betetzen. Hala ere, langileak enpresekin bildu ziren, eta jakin zuten udalak ez zuela halakorik egin. Horrez gain, ikastaroak sustatzeko proposamen bat ere egin zuten langileek, baina adierazi dute udalak horri ez diola «inolako» erantzunik eman.

Gorka Urtaran alkateak ere adierazpenak egin ditu. SER irratiko elkarrizketa batean azaldu du ez dituela sorosleen eta begiraleen aldarrikapenak ulertzen, lanerako eskatzen zaien gauza bakarra «lehen mailako ikasketa titulua» delako, eta urtean 20.000 eta 25.000 euro bitartean kobratzen dituztelako. Sindikatuek uste dute adierazpen horiek «hanka sartze bat» izan direla, eta sektore honetako langileen jarduna gainontzekoak bezain «errespetagarria» dela. Are gehiago, erantsi dute ez dela egia langileek soldata hori dutenik. «Greba honi zilegitasuna kentzeko argudioak horiek baldin badira, gure borrokak indar gehiago hartzen du. Hau ez da gatazka ekonomiko bat».

Lankide bat kaleratuta

Langileek jasandako presioak ere salatu dituzte gaur eginiko agerraldian, baita Aiteko enpresako lankide baten kaleratzea ere. Haien arabera, horrelako jarrerak «onartezinak» dira, eta, ardura  enpresa azpikontratatuarena bada ere, udalak ere egoera gogoan izan behar du: «Berak kontratatzen du enpresa». Jakinarazi dute egoera hau ez dutela amaituko langilea bere lanpostuan onartu bitartean, eta negoziatzeko prest ere badaudela. «Langileok argi eta garbi erakutsi dugu negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondatea dugula. Udaleko arduradun nagusiei dei egiten diegu beren erantzukizuna behin betiko onartzeko eta langileok zein erabiltzaileok jasaten ari garen gatazka konpontzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.