Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ohartarazi duenez, Udalak Olarizuko auzoan okupatuta dauden 25 etxebizitzetan sartzeko baimena eskatu dio epaileari, eta baita horiek hustekoa ere. Haren arabera, prozedura hori «ahalik eta berme handienarekin» egiten ari dira, eta helburua da etxebizitzak «ahalik eta lasterren» hustea eta eraistea. Gainera, erantsi du beste «bizileku aukera batzuk» eskaini dizkietela bertan bizi diren eta «zaurgarritasun egoeran» egon daitezkeen herritarrei.
Gasteizko Udala da eraikin horien jabea, 2020ko uztailaz geroztik. Ordura arte, 21 Zabalgunea izan zen arduraduna. Hango etxebizitzetan, egun, 50 pertsona inguru bizi dira, beste etxe baten alokairua ordaintzeko baliabiderik ez dutelako. Hala ere, auzokideek eta etxebizitzaren aldeko gizarte mugimenduetako kideek behin eta berriz salatu dute udalak eskainitako aukerak ez direla «nahikoa», eta irtenbide «egokiak» dituzte aldarri.
Udalak, ordea, berretsi du etxebizitzen eraistearekin aurrera egiteko asmoa duela, eta horretarako obren kontratu bat ere onartu du, 795.000 euroren truke. Bertan jasotakoaren arabera, etxebizitzak eraisteko bost hilabete beharko dira, lanak etenik gabe egiteko aukera egonez gero, bederen. Hala ezean, gehienez, hamalau hilabeteko epean egitea zehaztu dute. Orain, epailearen erantzuna zein den ikusi beharko da, baina Urtaranek espero du bi hilabeteko epean ebaztea eskaera.