Bilboko hegoaldeko saihesbidearen lehen 17,8 kilometroak ireki zituen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak, ia lau urtez luzatutako obren ostean. AP-8 izendatutako autobidea lau egunez doan izango dela eta —asteazkenean hasiko dira bidesariak kobratzen—, ibilgailu asko espero zituzten lehen egunean, baina ez zen hainbeste ibilgailu ibili.
Oso egitasmo eztabaidatua izan da Supersur jaiotzetik, bai aurrekontu itzelagatik, bai ingurumenean eragindako kalteengatik. Saihesbidearen ia 18 kilometro eraikitzeko 900 milioi euro erabili ditu aldundiak, kilometroko 45. Euskal Herrian inoiz egin den errepiderik garestiena da, baina ez ditu Bilbo inguruko garraio arazoak konponduko, Ekologistak Martxan-eko kide Kike Antolinen ustez: «Supersur justifikatzeko argudioak faltsuak ziren».
Ibilbide luzeko trafikoa A-8 autobidetik ateratzeko egin du aldundiak Supersur, baina helburu hori zentzugabetzat du Antolinek, «A-8ko joan-etorrien %94Bilbo metropoli barrukoak direlako». Eguzki talde ekologistak erantsi duenez, gainera, «errepide berrian aurreztuko dugun denbora herrien sarbideetan galduko dugu, hor baitago benetako arazoa».
Antolinek gogorarazi du Bilbo Handia azpiegiturez «gainezka» dagoela, eta garraio arazoen irtenbidea kudeaketa hobean datzala: «Lehen, metropoli inguruan eginiko azpiegitura kilometro bati esker, bidaian denbora aurrezten zen, eta ondorio positiboak zituen ekonomian. Baina gero eta zailagoa da kilometro berriak errentagarri bihurtzea, saturatuta gaudelako». Ildo horretan, hegoaldeko tren saihesbideaz galdetu du Eguzkik: «Zein irizpide ari dira erabiltzen hiru obra ia paralelo egiteko, denakA-8 arintzeko asmoz?».
Garraiolariak, haserre
Ekologisten aspaldiko kexei, baina, garraiolariena gehitu zaie egunotan, bidesarien harira. Aldundiak isilpean gorde du tarifen zenbatekoa, jakin bazekielako auziak hautsak harrotuko zituela. Bada, prezioak argitaratu bezain laster —6,74 eurora artekoak ibilgailu astunentzat— agertu ziren lehen erreakzioak: «Bidegabe», «gehiegizko», «neurrigabe» jo ditu Hiru sindikatuak. «Salgaien garraioan diharduten enpresek zein autonomoek ezin dituzte tarifa horiek euren gain hartu», erantsi du Asetravi Bizkaiko garraio enpresen elkarteak. UGTk ere «arrazoizko» bidesariak eskatu dizkio diputazioari.
Administrazioen arloan ere zeresana eman dute bidesariek: Europako Batzordearen baimena administrazioaren isiltasunaren ondorioz lortu du diputazioak. Itziar Garamendi Garraio eta Herri Lan diputatuak berak azaldu duenez, Supersur prentsa aurrean aurkeztu zuten egunean bertan —asteartean— bete zen irizpena igortzeko batzordeak duen lau hilabeteko epea: «Uztailean esan ziguten ados zeudela eta irizpena bidaliko zutela, baina dagoeneko administrazioaren isiltasunarekin nahikoa dugu». Garamendik erantsi zuen Europan nagusi den joera jarraitu duela aldundiak: «Europan argi dute gaitasun handiko errepideek ordainpekoak izan behar dutela».
Asetravik, baina, joera hori deitoratu du, «garraiolarientzat, eta batez ere herrialde periferikoetan lan egiten dugunontzat, ondorio dramatikoak» izango dituelakoan. Supersurren alde agertu da beti elkartea, baina, dioenez, «azpiegituran gastatutako dirutzak ezin du inola ere justifikatu garraiolariei beste ibilgailuei ezarritako tarifak biderkatzen dituzten prezioak ezartzea».
Kamioiek A-8an debekatuta duten tartea doakoa izaki, aldundiak ezin ditu derrigorrez ordainpeko errepide batera desbideratu; beraz, alternatiba bat eskaini die: Txorierriko barnebidea. Eskualde horretako bizilagunak dagoeneko hasiak dira protestan, baina Hiru mintzatu da gogorren: «Garraiolariak azpiegitura berrietara erakarri ordez, Bizkaiko Diputazioak erabaki du ibilgailu astunak Supersurretik kanporatzea. Egungo egoera ekonomiko katastrofikoan garraiolariek ez dutela hiru eta zazpi euro artean ordainduko Supersur erabiltzeagatik».
Gastuak eta bidesariek sortutako eztabaidaren erdian ireki dute Supersur
Ekologisten ustez, ez ditu garraio arazoak konponduko, eta garraiolarien iritziz, tarifak altuegiak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu