Uholdeak. Ondorenak

Gastuen beldur dira udalak

Kaltetutakoentzat diru laguntzak izango ote diren ez dute argitu erakundeek, eta alkateek kezka dute, herriko kalteak nork konponduIbai inguruetan prebentziorik ez dela egiten salatu dute, eta lanekin hasteko eskatu dute

Urumea ibaiko urak, Goizuetatik Hernanirako errepidea hartuta, joan den igandean. M. PILAR UNTXALO.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Begi bat kalkulagailura begira dute, eta bestea, udaleko kontu korrontera. Uholdeen eraginarekin kezkatuta daude alkateak, nolako gastua egin beharko ote duten. Goragoko erakundeek ez dute baieztatu laguntzak emango ote dituzten; datuen zain daude Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Diputazioa. Aseguruetara jotzeko eskatu dute, baina horrek ez du konponduko dena: asegururik ez dute herri bideek, eta udalak kezkaz daude. «Lehen larri gaude diruz, eta honek ez du mesede egingo», ohartarazi du Garbiñe Elizegik, Baztango (Nafarroa) alkateak.

Oraindik kendu gabeko lokatzak busti zituzten atzo arratseko euri izpiek. Baztanen bertan eta Soraluzen (Gipuzkoa) baserri batzuk bakartuta daude. Bizkaian, metroak arazoak ditu oraindik: etenda dago zerbitzua Portugalete eta Santurtzi artean, urak hartuta daukalako Santurtziko geltokia. Bihar zerbitzua martxan jartzeko itxaropena agertu dute.

Bilera egin zuten atzo Gipuzkoako alkateek, foru aldundiak eta Jaurlaritzak. «Laguntza zehatzik ez dute agindu oraindik: lanean ari direla esan digute, egoera aztertu behar dela eta gero erabakiko dutela». Hala eman du batzarraren berri Aritz Mujikak, Berastegiko alkateak. Kalteak zehazteko irizpideak batu dituzte. Oraindik oztopoak dituzte Berastegin: «Etxe batzuetarako bidea itxita dago. Mendi bide batzuek astindu handia hartu dute». Herri txikietan, luiziek eragin dituzte arazo handienak: lur erauntsi handiak izan dira, eta bideak itxi dituzte. «Erorketak dauzkagu baserri bideetan, eta lanean segitzen dugu irekitzeko. Bakartuta ez daude, baina komeriak dauzkate baserrietan», dio Pablo Mirandak. Alkatea da Goizuetan (Nafarroa).

Kalteak zenbatzen ari dira herrietan, paperak biltzen, ahalmen gehiago duten erakundeen esku jartzeko. «Dokumentazioa prestatzea da orain gure lana. Diputazioaren esku utziko dugu gero». Roke Akizu da Soraluzeko alkatea. Luiziek sortu dituzte kalteak.

Hondamendi eremutzat jotzea nahi zuten udalek, baina ezezkoa eman dute Gasteizko eta Iruñeko gobernuek. «Gordin dago diru laguntzen kontua: hondamendi eremutzat ez dute joko, eta larrialdiko obrak soilik egingo dituzte», azaldu du Goizuetako alkateak. Nafarroako Gobernuarekin batu ziren herenegun, eta han jakinarazi zieten. Hala berretsi du Baztango alkateak: «Bideak konpontzen dauzkagu lanak, eta gobernuak esan du batzuetarako soilik egongo dela laguntza, eta horietan ere ez dutela osoa pagatuko».

Dirua aurreratu behar dute

Gipuzkoakoei ez diete hain argi adierazi oraindik. Akizu: «Aztertzen ari dira laguntza lerro bat zabaltzea. Beharko ditugu, inbertsioak egin beharko baititugu». Aseguruekin harremanetan jartzeko deia helarazi dute erakundeek. «Baina, adibidez, baserri bideak ez dira inon ageri, ez baitago agiririk, eta, noski, aseguruek ez dituzte beren gain hartuko».

Nolanahi ere, udal guztietan argi daukate: dirua jarri beharko dute lanean hasteko, gero bueltan jaso edo ez. «Gu hasi gara aurreratzen, bidea zabalduko bada», dio Soraluzeko alkateak. Jaurlaritzak esan du «arinkeria» litzatekeela laguntzak izango direla esatea; hark argitu arte isilik egongo dela dio Gipuzkoako Diputazioak; eta Iruñeko gobernuak adierazi du kalteak aztertu behar direla.

Horretan hasiak daude Berastegin. Mujika: «Kalteen inbentarioa egiten ari gara. Hori eskuan dugula ikusiko dugu zer den lehentasuna, eta horretan jarriko dugu indarra. Dirua sobran ez daukagu». Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin haserre, kontuak hari aurkezteko asmoa dute Baztanen. «Pare bat egunean amaitu nahiko genuke zerrenda. Gastua zenbatekoa den jakinda, izango dugu aukera gobernuari presio egiteko», esan du alkateak. Udalak larri daudela bat etorri dira. Murrizketak jasaten ari dira.

Nafarroa Beherean badute laguntzak jasotzeko itxaropena. Arrosa herria da kaltetuena, eta Beñat Arrabit auzapeza hasia da hara eta hona. Hondamendi eremutzat jotzea nahi du: «Galdera egina dut astelehenean berean. Prefetak hartzen du erabakia». Laguntzak jasotzeko aukera bakarra hori dela nabarmendu du. «Herriak ez du behar aparteko laguntzarik, enpresek bai. Urpean izan dira. Hasiak dira lanean, mekanika martxan jartzen, baina, bai, beharko dute laguntza jaso».

Eta zertan dira Getxon, Bizkaian? Uholdeak ziren aldiro han ageri zen lehen lerroan. 2008an uholde handiak izan ziren. «Orduan baino euri gehiago egin du aurten, baina saihestu dugu ordukoen antzeko kalteak izatea, Gobela ibaian eginiko lanei esker». Imanol Landa alkateak baikor eman du egoeraren berri.

Hori falta dela diote gainerako alkateek: euriteei aurre egiteko prebentzioa. «Konfederazioena da ardura, eta ez dute ezer egiten. Badakite zer gertatzen den. Guk ezin dugu ezer egin», salatu du Baztango alkateak. Bilera egitekoa dute. Goizuetako alkateak argi du zer eskatu: «Haiek ez dutenez egiten, gutxienez baimena eman diezagutela guk egiteko: erreka bazterrak garbitu, zuhaitzak kimatu...». Mujikak ere salatu du «zerri eginda» izaten dutela erreka. Arrosan, udalak garbitzen ditu, bost urtean behin. Getxon ere oraindik zer egin badagoela nabarmendu du Landak.

Baserri bideak ere ez daude nahi bezain garbi. «Goizueta oso zabala da, eta kosta egiten da mantentze lanak egitea», dio alkateak. Eskumenak garbi ez egoteak egoera zailtzen du, Akizuren iritzian: «Kilometro asko dira. Udalak egitenikoa ez da aski. Lehen auzolanean egiten ziren, baina hori bukatu da». Dei hori egin dute Usurbilen (Gipuzkoa): larunbat goizerako jarri dute ordua, auzolanean Oriaren ibarra garbitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.