Eztabaidatu eta bozkatzen ari diren txostena aurrera ateratzen bada, ETA "ez da gehiago izango interpelatua izango den eta interpelatuko duen eragile bat". Gara-k dioenaren arabera, ETAk desagertzea erabakiko du, eta argia izango da hori jasotzen duen testua. Uda aurretik egingo dute jakinarazpena, militanteek zuzendaritzaren txostena onartzen badute. Behin jakinarazpen hori eginda, "lan tekniko" batzuk geldituko lirateke ETAren esku, "ETAren siglak intentzio txarrez erabiltzea" saihestea, adibidez. "Zikloari amaiera emateko" erabakiarekin, prozesu politikoa indartu nahi du ETAk.
Erakunde gisara jarraitzeko aukera baztertu egin du ETAk, egunkari horren arabera. "Estrategia politiko militarraren amaierak Erakundearen zikloaren amaieraren hasiera markatu zuen", dio. Beste moduren batera jarraitzekotan, ETAk erabat berrantolatu beharko lukeela ohartarazi du, eta ez hori bakarrik: ETAk era batera edo bestera segitzea erabakiko balu, hori "traba" ere izan daitekeela aurreikusten du: "Lortu beharreko gehiengo zabalek, benetan zabalak baldin badira, ez lukete ulertuko". Amaiera argia ez izateak, berriz, "nahastea" sor dezakeela ohartarazi du zuzendaritzak.
"Ez da etxera joateko unea"
Nolanahi ere, ETAren zuzendaritzak proposatutako txostenak argi jasotzen du ETAren amaierak ez dakarrela hango militanteen erretiroa: "Hau aurrera egiteko proposamena da, eta, horretarako, oso garrantzitsua da ETAren eraginpean eta haren inguruan sortutako indar militante guztiek Ezker Abertzalean ekarpena egitea —egiten jarraitzea—, prozesu independentistan, herri mugimenduan... ez da etxera joateko unea. Alderantziz, aro honek guztion indarra eta bulkada beharko du, inoiz ez bezala".
2017ko apirilean dago idatzita Gara-k erreferentzia egiten dion txostena, eta hiru zati dauzka: testuinguru historikoa jasotzen duena da aurrena; 2009tik txostena idatzi arteko ibilbidearen laburpena jasotzen duena bigarrena; eta eztabaida eta bozketarako txostena hirugarrena. Azken hori ari dira bozkatzen, eta parte hartze handia ari da izaten, gainera, egunkariak dioenez.
"Albiste ona"
"Prozedura hau ETA desegiteko bada, urrats garrantzitsua izango da aitortza eta baketzea lortzeko bidean", nabarmendu du Max Brisson senatariak bere Twitterreko kontuan zabaldutako mezuan.
Si la procédure débouche sur la dissolution de ETA, ce sera un pas majeur sur le chemin de la paix et de la réconciliation. Ne jamais oublier pour autant la mémoire des victimes et les souffrances des familles.- Sud https://t.co/KNlCtTItpqhttps://t.co/SFSgMoQYYF@SO_Paysbasque
— Max BRISSON (@max_brisson) 2018(e)ko otsailak 22
Bide beretik, albiste ontzat du ETAk emandako pausoa Arnaldo Otegi EH bilduko koordinatzaile nagusiak. "Gu lanean jartzen garenean, normalean gauzak ondo joaten dira eta albiste onak jasotzen ditugu. Eta aurrerantzean ere berdin jarraituko dugu".