Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

«Gatazka gainditzeko oinarriak» eramango ditu Amaiurrek Madrilera

Aristegik dio bi proiektu daudela mahai gainean: PPren «proeiktu ukatzailea» eta Amaiurrena

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Amaiurren hauteskunde kanpainako karabanak bere martxa eten zuen atzo goizean, herriz herri eta errepidean igarotako lehen egunei buruzko balantzea egiteko. Bilbon eginiko prentsaurreko batean, herritarren aldetik jaso duten erantzuna eskertu zuten Amaiurreko hautagaiek, eta «oso baikor» azaldu ziren hauteskundeetan lor ditzaketen emaitzekin.

Hauteskunde kanpaina osoan koalizioa errepikatzen ari den mezuari eutsiz, hauteskunde hauek «testuinguru oso garrantzitsu batean» egingo direla nabarmendu zuen Maite Aristegi Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak. «Behin betiko bakean eta konponbide demokratikoan sakontzeko aukera bikaina dira hurrengo hauteskundeak», nabarmendu zuen. Aristegik azaldu zuenez, Amaiurrek «gatazka gainditzeko oinarriak» eramango ditu Madrilera, eta koalizioaren helburua izango da Euskal Herriarentzako burujabetza politikoa eta ekonomikoa lortzea. «Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubideen defentsa eta aldarrikapena egingo dugu, eta izaera historikoa duen gatazka politikoa gainditzeko oinarriak eramango ditugu».

Espainiako Estatuaren «esentzia antidemokratikoa» salatu zuen Aristegik, eta alor ekonomikoan eta sozialean ere Espainiak Euskal Herriaren oraina eta geroa «hipotekatzen» dituela salatu zuen. Azaroaren 20tik aurrera proiektu «ukatzaile eta atzerakoi» horren ordezkari nagusia PP izango dela ohartarazi zuen Amaiurreko kideak. «Gure herriari bi proiektu eskaintzen zaizkio: PPk ordezkatzen duen proiektu ukatzaile eta atzerakoia eta Amaiurrek planteatzen duen Euskal Herri berria».

Gipuzkoako zerrendaburuaren arabera, proiektu horrekin aurrera egiteko ezinbestekoak dira burujabetza politikoa eta ekonomikoa. «Euskal Herriak burujabetza politiko eta ekonomikoko marko bat eraikitzen duenean marka guztiak hautsiko ditu: demokrazian, eredu sozial aurrerakoi baten garapenean, aberastasunaren banaketan, justizia sozialean zein berdintasunean», nabarmendu zuen.

Eskaera UPN-PPri

Nafarroan, berriz, Espainiako Kongresurako zerendaburu Sabino Cuadrak gonbidapena egin zion UPN-PPri Amaiurrekin eztabaida publikoa egiteko, bake prozesuari eta normalizazioari buruz. Hauteskundeei begira, Nafarroan «bi alternatiba baino ez» daudela gaineratu zuen Cuadrak: UPN-PP eta Amaiur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.