«Euskal Herriak duen aro politiko berriari» ongietorria egin dio Sao Pauloko Foroak, eta «gatazka politikoa humanizatzeko urratsak egiteko» eskatu du. Era berean, gobernuei eta indar politikoei eskatu die neurri politikoak har ditzatela «irtenbideen prozesu bat hasteko».
Caracasen egin du XVIII. bilkura Sao Pauloko Foroak, Munduko herriak neoliberalismoaren aurka eta bakearen alde leloarekin, eta Euskal Herriari buruzko ebazpen bat onartu du batzarrean.
Foroan munduko ezkerreko mugimenduetako 600 ordezkarik eta ehun alderdi politiko ingurutako ordezkariek hartu dute parte. Tartean, ezker abertzaleko ordezkaritza bat ere izan da, Asier Altunak eta Xabier Mikel Errekondok osatutakoa.
Aro politiko berriari ongietorria emateaz gainera, foroak desioa agertu du aurrerantzean «indarkeria oro» betiko alboratzeko. «Desberdinen artean elkar ulertzeko» deia egin du, eta «hitza eta eta politika erabiliz bake eta normalizazio politikoko jokaleku baterantz eramango duten neurriak adosteko».
Indarkeriaren ondorioak
Euskal Herrian, berriz, Ezker Anitzak ohartarazi du ETA erabat desegingo balitz ere ez liratekeela desagertuko «50 urteko indarkeriaren ondorioak». Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren ustez, beharrezkoa izango da hainbat gairi irtenbidea ematea. Besteak beste, indarkeria guztien biktimak aipatu ditu, ETAko militanteen etorkizuna, presoen eta espetxe politikaren auzia, elkar onartzean eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza eta gatazka politikoari konponbidea eman beharra. Ezker Anitzeko koordinatzaileak esan du horretarako gatazkan agente izan diren guztiek nork bere erantzukizunak dituztela eta horiek bere gain hartu beharko dituztela.
Gatazka humanizatzeko urratsak eskatu ditu Sao Pauloko Foroak
Euskal Herrian «irtenbideen prozesu bat» hasteko pausoak ematea galdegin die gobernuei eta alderdiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu