Urtebete da Tabakoaren Euskal Autonomia Erkidegoko Legea onartu zutela, baina oraindik ez da erabat betetzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak aitortu du tabernetan erre egiten dutela parrandan; tabernariek erretzaileei utzi egiten diete, sailburuaren hitzetan. Hala, neurriak iragarri ditu hori aldatzeko. Herritarrei ere eskatu die aurre egiteko: «Permisibitate hori ez da mesede bat, eraso bat baizik».
Urtebetean 250 salaketa bildu dituzte erakundeek, tabakoaren legearen harira. Tabernarien kontrakoak izan dira gehienak, bezeroei erretzen utzi dietelako; tabakoa saltzeagatik eta erretzea debekatuta dagoela adierazteko seinalerik ez jartzeagatik ere salatu dituzte; erretzaileen aurka ere jo dute erakundeetara. 250 salaketa jaso arren, Jaurlaritzak ez du batere isunik jarri. Bengoak argudiatu du ez dela «beharrezkoa» izan, oharra eginda «zuzendu» direlakoan arau-hauste horiek. Futbol zelaietan ere erretzea debekatzeko agindua ezartzeko asmoa du Jaurlaritzak.
Gauez tabernan erretzen dela eta, neurriak hartuko dituela esan du Bengoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu