Garikoitz Ezkergain Galartza amezketarra larunbatean abiatu zen Txindoki aldera, eta iluntzeko zortziak aldera, artean itzuli gabe zegoela-eta, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten senitartekoek. Berehala hasi zituzten bilaketa lanak, eta Jaurlaritzako larrialde zerbitzuetako teknikariek koordinatuta, Ertzaintzaren helikoptero bat, SOS Nafarroako beste bat, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko mendiko taldea, Euskal Mendi Federazioko erreskate taldeko kideak, Altsasuko suhiltzaileak zein Amezketako 60 bat herritar ibili ziren haren bila. Goizaldeko hiruak arte jardun zuten, baina gaztearen autoa baino ez zuten topatu, Larraitzen aparkatuta.
Atzo goizean berriz ekin zieten bilaketa lanei, eta goizeko bederatziak aldera Ertzaintako Brigadako mugikorreko kideek gaztea hilda aurkitu zuten Txindokiko ipar hegaleko pagadi batean. Agi denez, erorita hil zen.
Nolanhai ere, ez zen horretara mugatu zoritxarra. Amezketako gaztea hilotz topatu eta hiru bat orduren buruan, 45 urteko zarauztar bat, Iñigo Lizaso PS-EEko zinegotzia, Balerdi mendiko hegal batean behera amildu eta hil zen. Eguerdiko hamabiak hamar gutxi aldera gertatu zen ezbeharra, eta erorketa ikusi zuen pertsona batek eman zien abisua SOS Nafarroako larrialdi zerbitzuei. Foralak, suhiltzaileak eta mediku bat joan ziren hara, baina zarauztarra hilda zegoen.
Mendia
Gaur arratsean egingo dituzte Aralarren hildako Amezketako gaztearen hiletak
Garikoitz Ezkergain Galartza atzo Txindokin hilotz topatu zuten Amezketako (Gipuzkoa) gaztearen aldeko hileta elizkizunak gaur arratsaldean egingo dituzte; zehazki, 19:00etan, San Bartolome parrokian. Agi denez, larunbatean hil zen 26 urteko gazte hori, erorikoa izanda. Atzo, berriz, Zarauzko (Gipuzkoa) mendizale bat hil zen, hura ere Aralarren: 45 urteko Iñigo Lizaso, PSE-EEko zinegotzia. Balerdi mendiko hegal batean behera amilduta zendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu