Gaur bost urte hil zen Daniel Jimeno, entzierroetan hildako azkena

2009ko uztailaren 10ean, Jandilla ganadutegiko 'Capuchino' zezenak gazte espainiarra adarkatu eta hil zuen Telefonican.

Daniel Jimeno gazte espainiarra, jertse marradunarekin, Capuchino zezenak harrapatu aurretik, Telefonican. PEIO H., EFE
jon ordonez garmendia
2014ko uztailaren 10a
10:48
Entzun

Hamabost dira Iruñeko entzierroetan hil diren korrikalariak. Horietatik azkena 2009ko uztailaren 10eko entzierroan hil zen. Gaur beteko dira bost urte. Egun horretan, Jandilla ganadutegiko zezenak atera zituzten Iruñeko kaleetan, eta Telefonicako aldapan Capuchino izenekoak Daniel Jimeno gazte madrildarra hil zuen.

Zezenak adarra sorbaldatik sartu eta ezker birika zulatu zion Jimenori. Gainera, zauri larriak eragin zizkion zainetan, eta odol asko galdu zuen. Nafarroako Ospitalean ezin izan zuten bere onera ekarri. Familiarekin etorri zen Iruñeko sanferminetara Jimeno. 27 urte zituen.

Entzierro arriskutsua izan zen hura, eta beste hiru adarkatu ere izan ziren, horietako bat, larri. Egun horretan, Iruñeko Peñek minutu bateko isilunea egin zuten zezen plazan. Orain dela bi urtetik entzierroaren itxituran burdinezko zutoin bat jartzen da entzierroan hildakoen oroimenez.

Lehen hildakoa, 1924koa

Entzierroetako lehen hildakoa 1924. urtekoa da. Esteban Domeño zuen izena, eta Zangozakoa zen. Hura ere Telefonican harrapatu zuen zezen batek. 22 urte zituen. Garai hartako kroniken arabera, Jimeno hil zen lekutik gertu hil zen. Izan ere, korrikalariak bidearen eskuin aldean pilatu ziren, eta Conde de Santa Coloma ganadutegiko zezen batek eurengana joan zen. Uztailaren 13an harrapatu zuen zezenak, baina biharamunean hil zen.

Zenbaitzuen arabera, baina, bada aurretik beste hildako bat. Francisco Garea Faltzesko korrikalaria, baina, ez zen zezenen eraginez hil; 1910eko uztailaren 7ko entzierroan zauri bat izan zuen belarri batean beste korrikalari pilo batean. Zauri horrek tuberkulosia ekarri zion, eta 1911ko urtarrilaren 18an hil zen.

Hau da entzierroetan hildakoen zerrenda:

2009ko uztailaren 10a: Daniel Jimeno espainiarra, Telefonican adarkatuta.

2003ko uztailaren 8a: Fermin Etxeberria iruindarrari kolpe bat eman zioten, eta bi hilabete eta erdi geroago hil zen, horren ondorioz.

1995eko uztailaren 13a: Mathew Peter Tasio estatubatuarra, adarkada bat eman zioten Udaletxeko plazan.

1980ko uztailaren 13a: Jose Antonio Sanchez Navascues cintruenigoarra eta Vicente Risco espainiarra. Zezen berak hil zituen: Sanchez Navascues Udaletxeko plazan, adarkadatuta, eta Risco zezen plazan, adarkatuta hori ere. 

1977ko uztailaren 8a: Jose Joaquin Esparza iruindarra, zezen plazako sarreran, idi batek zapalduta.

1975eko uztailaren 9a: Gregorio Gorraiz arazuriarra, zezen plazako sarreran adarkatuta.

1974ko uztailaren 12a: Juan Ignacio Eraso iruindarra, Telefonica eta zezen plazako sarrera artean adarkatuta.

1969ko uztailaren 12a: Hilario Pardo murchantearra, Santo Domingo aldapan adarkatuta.

1961eko uztailaren 9a: Vicente Urrizola iruindarra, Santo Domingo aldapa eta Udaletxe plaza artean adarkatuta.

1947ko uztailaren 10a: Casimiro Heredia iruindarra eta Julian Zabalza atarrabiarra. Lehena Estafetan adarkatu zuen atzean geratu zen zezen batek. Zabalza, berriz, zezen plazan adarkatu zuen zezen berak.

1935eko uztailaren 10a: Gonzalo Bustinduy y Gutierrez de la Solana mexikarra, zezen plazan adarkatuta.

1927ko uztailaren 8a: Santiago Martinez Zufia iruindarra, zezen plazan adarkatuta.

1924ko uztailaren 13a: Esteban Domeño zangozarra, Telefonican adarkatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.