Gaur hasi da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko epea, eta hilaren 26an bukatuko da, astelehenarekin. Orduan jakingo da aurkeztutako alderdi eta talde guziak zeintzuk diren. Hala, D3M Demokrazia Hiru Milioi plataformak bozetara aurkeztu ahal izateko bildu dituen sinadurak astelehena baino lehen formaldu beharko ditu. Gaurtik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritan bildu dituzten sinadurak aurkezten hasi dira.
Horrez gain, Askatasuna izeneko taldeak ere bere zerrendak aurkez ditzake hauteskundeei begira. Aurretik legez kanporatutako alderdietako zerrendetan agertu ziren izenak hartzen ez baditu, Hauteskunde Batzordearen iragazkiak gainditu ahal izango ditu, Espainiako Alderdien Legeak ezarritako irizpideen arabera. Espainiako Fiskaltzak aurreko hauteskundeei begira legez kanpo gelditu ziren zerrenden datuak eskatu ditu dagoeneko, aurtengo zerrendak aztertu ahal izateko.
Urtarrilaren 28an zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dituzte argitara. Otsailaren 2an jakinaraziko dituzte behin betiko zerrendak, zuzenketak egin ondoren, eta aldizkarian argitaratuko dituzte berriro.
Eusko Jaurlaritzak atzo erabaki zuen martxoaren 1eko bozetan zenbat diru erabiliko duten. 2,4 milioi euro, hain zuzen ere. 2005ean baino %8 gehiago. Udaletako eta hauteskunde mahaietako lana ordaintzeko erabiliko dute diru horren zatirik handiena, eta Hauteskunde Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko gainerakoa.
Hauteskunde mahaietan egongo diren lagunentzat CD multimedia bat egitea ere erabaki dute, haien betebeharrak argituko dituen euskarri digitala. Egun horretarako prestatzen joan daitezen. Hamar minutuko iraupena izango du. Besteak beste, itsuek botoa emateko prozedura azaltzen du, Braille sistema erabiliz. Sistema hori erabilita botoa eman nahi dutenek aurrez 900-840899 doako telefono zenbakira deitu behar dute. Bozen gaineko beste edozein zalantzarako Eusko Jaurlaritzaren 012 telefonoa dago eskura.
Hauteskundeak martxoan
Gaur hasi da Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautagaiak aurkezteko epea
Alderdi eta taldeek heldu den astelehena arte erregistratu ahal izango dituzte zerrendak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu