Gaur hasiko dira deszentralizazioaz bozkatzen

Gaur edo bihar bozkatuko dute Capdeviellek egindako aldaketa proposamena, Legebiltzarrean

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Deszentralizazioaren III. akta eztabaidatzen eta bozkatzen hasiko dira Frantziako diputatuak arratsalde honetan. Ekainaren 6an Senatuak bozkaturik, Legebiltzarrean eginen da bozketa, gaur hasi eta astearte arte. Nahiz eta Ipar Euskal Herriko hautetsirik eta eragilerik gehienek hori eskatu, ez du euskal lurralde elkargoaren sorrera ekarriko lege proiektuak. Argiki adierazi zuen gobernuaren postura Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak, uztailaren 1ean: «Ez dugu lurralde elkargorik sortuko Euskal Herriarentzat».

Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistak lurralde elkargoei buruzko aldaketa bat aurkezturik, baliteke Euskal Herriaz hitz egitea eztabaidetan. 9. artikuluan egindako aldaketa izanki, gaur ala bihar egonen da aldaketa horren bozketa. Dena dela, Lebranchuren adierazpenak kontuan harturik eta jakinik Lege Batzordeak eta diputatu sozialisten taldeak sostengua ez erakusteko hautua egin dutela, aldaketak ez du pasatzeko aukerarik. Egoeraz kontziente da Capdevielle: «Argi da, oso zaila izanen da. Baina, hala ere, legebiltzarrera eramateko pausoa egin dut, lurralde honen aldarria delako». Europe Ecologie Berdeak taldearen eta sozialista bakar batzuen sostengua du bakarrik.

Azkenean, aipamenik ez

Euskal Herriarentzako sindikatu misto baten sorrera ekarriko lukeen aldaketa aurkeztu zuen Frederique Espagnac senatariak, maiatzaren 24an. Senatuak alde bozkatu zuen, ekainaren 6an. Baina, azkenean, Espagnacen testua moldatzen duen aldaketa aurkeztu zuen Frantziako Gobernuak,eta horren alde egin zuen Lege Batzordeak, uztailaren 3an. Moldaketa horri jarraikiz, Antolaketarako eta Kooperaziorako Poloen sorrerari eutsi zaio, baina ez da gehiago Ipar Euskal Herrira mugatzen. Ez da, beraz, gehiago Euskal Herriaren aipamenik egiten lege proiektuan.

Ipar Euskal Herriaren erreferentziarik ez izanki, Lapurdiz, Nafarroa Behereaz eta Zuberoaz harago hedatuko litzatekeen polo bat sortzeko arriskua bada. Tokiko hainbat hautetsi jakobino dabiltza Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna urratzeko gogoarekin. Gutun bidez, erronka hori oroitarazi zien Sylviane Alaux, Colette Capdevielle eta Jean Lassalle Euskal Herriko diputatuei Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko lehendakariak: «Ezinbestekoa da 1997ko aginduak definitu zuen Ipar Euskal Herriaren perimetroari eustea eta hura indartzea, lurraldearen kohesioaren oinarria delako eta proiektu partekatu baten garatzeko baldintza. Erreferentzia eremu horren sendotzea ezinbestekoa da herri elkargoen eta kantonamenduen inguruak eztabaidatuak diren garai honetan».

Euskal lurralde elkargora daraman bidean sindikatu mistoa «pauso» bat dela dio Espagnacek, eta «hestera zihoan atean zango bat ezarri» duela gehitu du. 1995az geroztik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen zituen Pays egiturak boterea galduko du, eta hitzarmen berezirik ez dute izenpetzen ahalko urte bukaeratik aitzina. Hori ez gertatzeko du sindikatu mistoaren galdetzeko pausoa egin.

Baina eskatutakoa ez da instituzio bat eta euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinakundeari aipatu gabe erabakia hartu izanak harridura eta haserrea eragin zuen. Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroaren zerbitzuekin elkarlanean idatzi zuen testua. Batera-k egin zuen prentsaurrekoa erranez «ez formaren aldetik, ez eta funtsaren aldetik ere» ez zuela bat egiten.

Bozketaren hasieran dira parlamentariak. Eztabaidek luze joko dute, eta behin betiko bozketak 2014ko apirilean edo maiatzean egin behar lirateke, Deszentralizazio Ministerioaren arabera. Hiru zatitan bozkatuko dute. Lehen zatia metropoliei buruz; bigarrenean, eskualdeak aipatuko dituzte, eta, azkenean, lurraldeen arteko elkartasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.