EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Gaur zabaldu dute posta bidezko botoa bidaltzeko epea

Urkulluren esanetan, euskal herritarrek uztailaren 12an erabakiko dute nork izango duen «bolantea krisiaren irteera zuzentzeko».

Posta bidezko botoa eskatzeko ilarak maiatzaren 25ean, Correoseko bulego batean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2020ko ekainaren 22a
11:43
Entzun

Hiru aste falta dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako, eta gaurtik aurrera aukera zabalduko da posta bidezko botoa entregatzeko, etxebizitzetan gaurtik aurrera hasiko baitira jasotzen botopaperak. Hala ere, botoa postaz eman nahi baina oraindik hori egiteko aukera eskatu ez dutenek horretarako epea dute uztailaren 2ra arte. Espainiako Estatutik kanpo modu iraunkorrean bizi diren eta bozkatu nahi dutenek maiatzaren 19tik ekainaren 13ra bitartean eskatu ahal izango dute.

1.788.602 hautesle izango dira. Lurraldeei dagokienez, 947.393 Bizkaikoak dira; 583.063, Gipuzkoakoak, eta 258.146, Arabakoak. Espainiako Estatutik kanpo bizi diren eta botoa emateko eskubidea dutenei dagokienez, 2020an 75.669 izango dira. COVID-19aren izurriaren eraginez, hamar bider handitu da botoa posta bidez emateko eskaera.

Datorren ostiralean hasiko da hauteskunde kanpaina, eta euren mezuak zabaltzen hasiak dira jada indar politikoak eta hautagaiak. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari eta EAJko lehenakarigaiak, esaterako, esan du uztailaren 12an euskal herritarrek erabakiko dutela nork izango duen «bolantea krisiaren irteera zuzentzeko». Urkulluk azaldu du bozak «erabakigarriak» izango direla etorkizunari begira: «Beharrezkoa da buruarekin jokatzea, errealitate printzipioan kokatzeko; etorkizun ilusionagarria eta anbiziotsua irudikatzea, baina errealista, erdiesteko moduko lehentasunak definituta».

PSE-EEk kanpainarako bideoa aurkeztu du

PSE-EEk gaur sareratu du hauteskunde kanpainarako prestatutako bideoa, eta koronabirusaren izurria uzten ari den egoera jarri du ardatzean; bideoan, off ahots batek dio koronabirusak «aldatu» egin duela herritarren egunerokoa eta «elkarrekin erronka larriak gainditu» dituztela, «haserreen gainetik»: «Orain, etorkizuna eraikitzea dagokigu, inor atzean utzi gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.