Legebiltzarrerako bozak

«Hautetsontziak ezin ditugu guk ordezkatu»

Correoseko hainbat langilek gaitzetsi egin dute posta bidezko botoa sustatzeko Jaurlaritzaren asmoa, haien ustez ez duelako laguntzen arriskua saihesten. Posta bidezko parte hartzea nabarmen handitu da, halere.

Pertsona bat Correosen bulego batera sartzeko prestatzen. MARISCAL / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Nola eman botoa pandemia batean? Nola ziurtatu herritar guztiek boto papera hautetsontziaren barruan utzi ahalko dutela? Buruhauste horiek ozendu egin dira azken asteetan, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako bozen data uztailaren 12an ezarri zuenetik. Posta bidezko botoa sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, baina, Correoseko hainbat langileren iritziz, ez du zentzurik neurri horrek. Kezka agertu dute, batetik, eurena delako koronabirus kasu gehien pairatu duten langile taldeetako bat, eta, bestetik, posta bidezko botoa ugaritzea kudeaezina izan daitekeelako.

Hauteskunde deialdia egin eta gutxira zabaldu zen bulego bateko zuzendariak idatzitako gutun batek argi zioen: «Posta bidezko botoa ezin da sekula hautetsontzien ordezkoa izan».

Gutunak langileek sentitzen zutena «erabat» ordezkatzen zuela azaldu du Josean Catalan LAB Sindikatuak Gipuzkoako Correosen duen ordezkariak; izan ere, posta bidez bozkatzeko, hautesleak bi aldiz joan behar du bulegora, eta horrek areagotu egiten du beharginak ere kutsatzeko arriskua: «Eskaera leihatilan egin behar da; jarraian, postariak etxera eramaten du dokumentazioa; eta, azkenik, hautesleak botoa ematera itzuli behar du bulegora».

Joan den astean, ordea, Espainiako Hauteskunde Batzordeak agindu bat eman zuen posta bidezko botoa errazteko, eta bozkatzeko modu berri bat jarri zuen abian. Hala, hautesleek Internet bidez egin dezakete eskaria, eta postaria da botoa bulegora eramateko arduraduna. Etxetik irten gabe bozka daiteke.

Catalanek ontzat jo du neurria, baina zalantzak sortu dizkio: «Ez dakit zenbat jendek bozkatuko duen modu berrian, eta horrek baldintzatuko du gainontzekoa». Izan ere, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak joan den astean nabarmendu zuenez, 2016an egindako bozetakoak halako zortzi dira posta bidez bozkatzeko eskaerak oraingoz, eta hautesle horiek guztiek leihatilan egin dute eskaera, neurri berria indarrean jarri baino lehen.

Ezohiko neurriak

LABeko ordezkariaren ustez, bulegoetan ez, baina banaketan langile gehiago beharko dituzte. Azken hauteskunde deialdietan hautesleen %3 inguruk bozkatu izan dute posta bidez, eta abuztuko bozketan %10-15 izango direla aurreikusi da. Gainera, hauteskunde batzordeak uztailaren 10 arte luzatu du postaz bozkatzeko epea, 12 arte atzerrian bizi direnentzat —hauteskunde egunera arte—.

Correosek ezohiko neurri batzuk hartu ditu: bulego garrantzitsuenak irekita daude arratsaldeetan eta larunbatetan posta bidezko botoa errazteko, eta, langileei hitzeman dietenez, ez da arazorik egongo kontratazio gehiago egiteko. Kontuan izan behar da uztailean oporrak hartzen dituztela beharginen laurdenek: «Behin-behineko langile asko ditu Correosek, baina ez dakit nahikoa izango diren... Esperientziarik gabeko langileak hartzen badituzte, ikusteko dago nola moldatuko diren», dio Catalanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.