Euskal Herria aldaketa garai batean sartuta dagoela erakusten dute azken asteotan antolatu diren eztabaida foroek. Askotariko gaiak landu dira, eta pentsamolde ezberdineko herritarrak biltzea lortu dute horietako askotan. Baketik-ek, bakearen eta gatazken lantze etikoa sustatzen duen zentroak, zubigintza lan horretan ekarpena egin nahi du, eta bihar hasi eta larunbatera bitarte iraungo duten jardunaldi batzuk antolatu ditu adiskidetzeari buruz. Arantzazuko Gandiaga topagunean (Oñati, Gipuzkoa) egingo dira jardunaldiak, eta han izango dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa, Margarita Robles Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eleduna, Mario Zubiaga EHUko Politika Zientzietako doktorea eta Pablo Fusi Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Gaur Egungo Historiako katedraduna.
Baketik zentroak azaldu duenez, euskal gatazka gainditzeko sortu den «epe berrian» beharrezkoa izango da euskal gizartearen sektore ezberdinen arteko adiskidetzea. Gai hori izango da mintegiaren abiapuntua, eta horren gainean ekarpenak egingo dituzte parte hartzaileek. Horretarako, adiskidetzeari buruz Baketik-ek aurten kaleratu duen txosten bat izango dute oinarri. Txosten horretan Baketik-ek proposamen bat egin du adiskidetze prozesua «modu partekatuan kokatzeko eta bultzatzeko». Hori sendotu eta bermatuko luketen hamar «baldintza etiko» jaso ditu, halaber.
Berriro gerta ez dadin
Baketik-en arabera, euskal gatazkaren konponbidea ez da indarkeriaren amaierara mugatu behar, «horrek ez baitakar arazo guztien bukaera». Horren harira, ohartarazi du eragile zein banakoek adiskidantzarako «oinarrizko adostasun batzuk» zehazten ez badituzte «asaldurak eta zatiketa politikoek» bere horretan jarraituko dutela. «Zauri askok zabalik jarraitzen dute, sufrimendu asko, bidegabekeria asko eta aitortu gabeko biktima asko. Iraganaren memoria kritikoa eta osoa egin gabe jarraitzen dugu. Horiei eta beste lan askori egin behar die aurre adiskidetze prozesu batek», nabarmendu dute.
Hori hala, Baketik-ekoek uste dute gatazka konpontzeko «ardatz estrategikoa» dela adiskidetzea; prozesuak «bideragarri» izan dadin partekatua izan behar duela nabarmendu dute. «Mota horretako prozesu bat partekatzeko eta bultzatzeko, lehenbizi, ideia bat, kontakizun bat, adiskidetze kontzeptu bat azaldu behar zaie alde guztiei».
Baketik-en arabera, «iraganarekin, orainarekin eta geroarekin jarduteko modu berri bat partekatzea» izango da adiskidetze prozesuaren «bidea edo estrategia». «Kontua ez da denok ikuspegi bera izatea, baizik eta ikuspegi kritikoarekin aztertzea iragana, ikuspegi eraikitzailearekin oraina, eta ikuspegi prebentiboarekin geroa».
Bakegintzarako zentroan uste dute eginkizun kolektiboa dela adiskidetzea eta banakoaren konpromisoa eskatzen duela. Iraganaren azterketa horretan pertsona guztiek «autokritika» egin behar dutela dio. «Gutako bakoitzari dagokionez, 'besteen' sufrimendua aitortzeko prest egotea eskatzen du horrek». Azterketa hori «borondatezkoa eta zintzoa» ez bada ez duela baliorik izango diote; gauza bera gertatuko litzateke barkamen adierazpenekin.
@Baketik-en txostena osorik irakurtzeko: baketik.org/eu/indarguneak
Gaurko adiskidetzea, etorkizuneko bakea
Baketik-ek antolatuta, konponbide prozesuari buruzko mintegi batean izango dira Ibarretxe, Robles, Zubiaga eta Fusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu