GAURKOA. Esker onaren argazkia

Etorkinek Gipuzkoari egiten dioten ekarpena ikusarazteko ekitaldia antolatu du SOS Arrazakeriak. Esker ona azaltzea izan da ekimenaren xedea. Dei egin dute atzerritarrekiko beldur funsgabeak baztertzera.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Esker txarraren morroi izaten dira gehienetan etorkinak. Areago, krisi garaiotan: egoera ekonomikoak estutzen segitzen duelarik, atzerritarren aurkako ezinikusia gehitu egiten da, etengabe. Lehen gutxi ez, eta areago oraindik. «Deskonfiantzarekin lotzen dira immigranteak, beldurra sortzen du horrek, eta, horrela, xenofobia pizten da». Horra, SOS Arrazakeria elkarteko ordezkari Agustin Unzurrunzagaren diagnosia. Talde horrek antolatuta, ezkorkeriazko egoera baikortasunarekin irauli asmo duen ekitaldia egin zuten atzo, Donostian. Atzerritarrenganako errezeloak eta aurpegiratzeak bazter utzi, eta etorkinei ongietorria eta esker ona azaltzeko ekitaldia izan zen Gipuzkoa Solidarioa izenekoa. Ongietorria, bizimodu iluna utzi eta bide gogorra eginda helmuga lortu dutelako; esker ona, Gipuzkoari eta gainerako herrialdeei aberastasuna ekarri dietelako.

Donostiako Kursaaleko ekitaldi aretoa leporaino bete zen atzo, arratsaldez. Hainbat alorretako pertsona ezagunak han ziren, lehen ilaran; erakundeetako ordezkariak ere bai: Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romero eta Donostiako alkate Odon Elorza, besteren artean. Baina, atzo, haiek ez ziren protagonista; besteak ziren: aretoa mukuru bete zuten ia 600 etorkinak.

Atzerritarrek Gipuzkoari egindako ekarpenaren adierazgarri, 16 gizon-emakumek jaso zuten Gipuzkoa Solidarioa ekimenaren esker ona. Lanean diharduten alorreko pertsona ezagunen eskutik jaso zuten oroigarria guztiek: hasi sukaldaritzatik eta zinemaraino, Gipuzkoari egindako ekarpena nabarmendu zitzaien, eta eskertu. Eta oroigarriaren azken helmuga, etorkin talde handia, begira-begira egon zen adi. Haietako batzuk, gainera, haien jatorrizko herrialdeetako eta kulturetako jantziekin joan ziren ekitaldira.

Etorkinen ekarpenari badago zer eskertua, eta etorkinen egoerari badago zer eskatua. Ongietorria eta esker ona emateko ekitaldia antolatu behar izatea, horren erakusgarri. Unzurrunzagak dio beldurraren ondorioa kaltegarri dela gizartearentzat: «Desberdinarenganako beldurrak arazo handiak eragin ditzake gizartean». SOS Arrazakeriako kideak dio beldur horiek oinarrian ez dutela batere funtsik -«erabat irrazionalak dira»-; nolanahi ere, eragin handia lortzen dute gizartean. Erabaki politikoetan ere badute zerikusia etorkinenganako errezeloek. «Azkenean, barbaroenganako beldurrak bihurtzen gaitu barbaro».

Ezinikusi egoeran eskerrak emateko saioa zen, baina egoera saminak ere izan ziren atzo. Gogorrenetakoa, Ahmed gazteak -ezizena da- oroigarria jaso behar zuenekoa. Ezin izan zuen saria jasotzera joan. «Tortura, espetxea, indarkeria eta sexu gehiegikeriak jasan ditu, eta, gainera, bere inguruaren jazarpen hitzezkoa eta fisikoa», azaldu zuten. Asiloa orain hiru urte eskatu zuen, baina tramitazioan dago oraindik ere. «Jasandako sufrikarioaren ondorioak dauzka, eta oraindik ez da gauza honen gisako ekitaldi batean agertzeko». Gurutze Gorriko kide batek hartu zuen oroigarria gazte horren ordez. Etorkinekin lan egiten dutenek ere jaso zuten saria: solidaritate elkarteek, etorkinen taldeek, kultura arteko bitartekariek eta immigrazio teknikariek.

Bertso garaian, isiltasun erabatekoa

Sariak hartzean ez zuten hitz handirik egin etorkinek. Ez daude ohituta foku aurrean. Haien ordez, sari emaileek egin zuten hizlari lana, nork bere erara. Maialen Lujanbioren hizketak, bertsoak, sortu zuen isiltasun handiena. Adi-adi egon ziren etorkinak. «Euskara den herri honetara / ongi etorri eta milesker», esan zien.

Ongietorri jaia amaituta, egunerokoa dator, berriro. Eta kezkarako arrazoiak badira. Unzurrunzagak ondo gogoan izan zituen Frantzian etorkinen aurka hartzen ari diren neurriak. Hara, gogoeta: «Besteak onartzen ditugunaren arabera gara zibilizatu».



Oroigarria jaso dutenak

Literatura. Damian Pedrosa argentinarrak jaso zuen, Bernardo Atxagaren eskutik.

Sukaldaritza. Ai Ping txinatarrari, Andoni Luis Adurizek.

Ikerkuntza. Dario Paez Rovira txiletarrari, Pedro Migel Etxenikek.

Kazetaritza. Silvia Carrizo Argentinakoari, Mariano Ferrerrek.

Asiloa eta babesa. Ahmedi (ezizena), Iñigo Lamarcak.

Euskalgintza. Maialen Lujanbiok, Marina Paglialunga argentinarrari.

Zaintza eta etxeko lanak. Malen Etxea elkarteari, Maria Silvestrek.

Hezkuntza. Jacques Armand Nongi kamerundarrari, Cristina Uriartek.

Kirola. Bouchta Angare marokoarrari, Jesus Mari Zamorak.

Musika. Julian Cobzaru errumaniarrari, Amaia Zubiriak.

Arrantza. Miren Garmendiak, François Diopi.

Zinema. Jose Luis Rebordinosek, SOS Arrazakeriaren dokumentalean ageri diren lau lagunei.

Artea. Sukru Karakus turkiarrari, Nestor Basterretxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.