Hego Euskal Herrian 92.500 langabe daude. Krisi ekonomikoa, esperientzia falta, adina, heziketa hutsuneak; ez dira gutxi langabeziaren drama bizitzera bultza dezaketen arrazoiak, edo aitzakiak akaso. Hori guztia gutxi balitz, oztopo bat gehiago gainditu behar dute beste hainbat herritarrek: adimen urritasuna dutenen lan bazterketa. Zailtasun horiek gainditzea lortu du Ainhoa Zabalak, baita azkena ere. Bere herriko udalean ari da lanean, praktiketako lanaldian. 24 urte ditu, eta lehen lan esperientzia du.
Ainhoa Zabalaren lanaldia lau ordukoa izan ohi da. Artxibo lanak egitea, posta banatzea eta fotokopiak egitea dira legazpiarraren eginbeharrak, besteak beste. «Artxibo lana da gehien gustatzen zaidana, oso jarduera polita iruditzen zaidalako». Gustura dabil udalean, baina baditu hala egoteko pizgarriak ere.
Lankide berriak ezagutu eta eurekin denbora igarotzeak zoriontsu egiten du gaztea. Ez da Zabalaren kasua, baina adimen urritasunen bat duten pertsonek, laneratze arazoez gain, gizarteratze arazoak ere badituzte sarritan. Lanpostuak funtzio soziala ere betetzen duela kontuan izanik, adimen urritasuna duten pertsonak lanbideratzeak duen garrantzia bikoiztu egiten da.
Soldata da lan egitearen beste pizgarri bat. Hamabi hilabeteko praktika kontratua du Ainhoak, eta 475 euro jasotzen du hilero. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du programa, eta, beraz, erakunde kolaboratzaileek ez dute egiten kontratazioak dakarren gastu ekonomikorik. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du proiektuan, praktiketako ikasleak haren babes legalaren pean baitaude.
Gaur egun, 30 pertsona inguru ari dira lanean Zabalaren antzeko egoera batean, eta urtea amaitu baino lehenago zifra hori 50era igotzea espero dute. Hori da Zabalaren nahia: «Programa zabaldu eta ahalik eta jende gehiena laneratzea». Erakunde hartzaileak 26 dira, baina 40 izango dira laster. Eskaintza zabaltzeko lanean ari dira bi taldeak, luze gabe erakunde hartzaileen kopurua igotze aldera. «Familiek lan aukera berriak jorratu ditzagun eskatzen digute», adierazi du Josean Idoetak, Atzegiko presidenteak.
Zabala ez zen udalean bakarrik hasi, Ainhoa Askaibar Gureak taldeko Giza Baliabideen zuzendariaren hitzetan: «Langileari ikastaro bat ematen zaio, gaitasun sozialak landu eta lanpostuko zenbait betebehar ikas ditzan». Ondoren, langile hezitzaile baten laguntza izaten du, praktiketako ikasleak lanean autonomia lortzen duen arte. Hala ere, harreman hori ez da guztiz eteten, ezta gutxiago ere: harreman estua sortu dutela argi erakusten dute langilearen eta hezitzailearen keinu eta portaerek.
Oso gustura dago 24 urteko neska lanean, eta, uztailean, praktikak amaitu ondoren udalean lanean jarraitzea da bere ametsa. Amets hori betetzea posible ikusten du ilusioz beterik dagoen gazte honek, eta ez die uko egiten etorkizuneko erronkei: «Ardura gehiagoko lana izan nahiko nuke».
Legazpiko Udalean ere harro daude lankide berriaz eta haren lanaz. Praktika hitzarmena lan kontratu bilakatzea besterik ez da falta, laneratzeak erabateko arrakasta izan dezan.
Zifrak
8.296.Atzegirentzat boluntario lan egiteko prest dauden pertsonak.
2.001.
Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonak dira.
Hartzaileak.
Erakunde publiko eta pribatuek hartzen dute parte Gureak-en eta Atzegiren programan, udalek bereziki.