1937ko urtarrilean heldu zen lehen aldiz Steer Bilbora, gerra zantzuak hasten ari zirela. Torrontegi hotelean hartu zuen gela, eta handik bidali zituen bere gerra kronikak. Frontera ere joan zen, eta horretan zela heldu zitzaion Londrestik Marguerite emaztearen heriotzaren albistea. Kolpe gogor hori gainditu, eta ostera itzuli zen Bilbora. Han izan zuen Gernikako bonba hotsen berri: 1937ko apirilaren 26a zen, astelehena eta azoka eguna. Egun hartan bertan, Gernikara joan zen, diotenez beste lau gerra kazetarirekin batera. Haienak izan ziren mundurako begiak. Hurrengo egunean berriz joan zen triskantzaren lekura, eta bi egun horietan bertatik bertara ikusi eta bizi izandakoari buruz idatzi zuen. Historia egin duen kronika, hain zuzen ere: gezurra ukatu eta faxisten bertsio ofiziala ezeztatu zuena. The Times eta The New York Times egunkariek argitaratu zuten The Tree of Gernika izenburuko lana (Gernikako tragedia), 1937ko apirilaren 28an.Haren ekarpenak erabateko garrantzia eduki zuen Gernika nork suntsitu zuen jakiteko. 28 urte baino ez zituen orduan.
Izugarrikeriaren lekukotza
Picassoren koadroan nola, Sterrek Gernikako hondamendia eta mina erakutsi zituen: «[...] Gaur, arratsaldeko ordu bietan, herria bisitatu dudanean, ikuspegi izugarria zuen. Sutan zegoen. [...] Ezinezkoa da zenbat hil diren zehaztea. Josefinas erietxea bonbardatu zuten aurrena, eta han zeuden 42 milizianoak hilda zeuden. Aire erasoentzako babesleku batean zeuden 50 lagunak, gehienak emakumeak eta umeak, harrapatuta geratu ziren, sutan zeuden zementu pusken ondorioz. Asko landa eremuetan hil ziren. Aronategi izeneko apaiz bat hil zuen bonba batek, sutan zegoen etxe batetik umeak ateratzen ari zela».
Argi eta garbi azaldu zuen nola izan zen abioien erasoa. Historia militarrean «parekorik gabeko» erasotzat jo zuen: «Bonbardatzearen erritmoak badu bere logika: aurrena, esku granadak eta bonbak, herritarrak ziztu bizian ateratzeko; gero, metrailatzeak, ezkuta zitezen; eta, ondoren, bonba su-eragileak, etxeak suntsitzeko eta biktimen gainean erretzeko». Haren arabera, herritarrak «desmoralizatzea» zen bonbardatzearen helburua, eta «euskal arrazaren sehaska» suntsitzea.
Omenaldia Bilbon
1937ko apirilaren 27an, Bilbotik bidalitako kronikaren bidez, Kondor Legioak Gernikan eragindako sarraskiaren berri zehatza munduari emateagatik omendu zuen atzo Bilboko Udalak. Haren izena eman diote Atxuri auzoko kale bati.
George Barton Steer haren semea Bilbon izan da, eta eskertu egin du euskal gizarteak aitari erakutsi dion leialtasuna eta oroimena: «Aitak ez zuen gustuko gerra, baina gerran parte hartu behar izan zuen. Otoi egin dezagun guk halakorik bizi behar ez izateko».
Nortasun agiria
Jaiotza. 1909an jaio zen, Hegoafrikan.Ikasketak. Oxforden zientzia klasikoen ikasketak egin zituen.
Lanbidea. Kazetaria eta idazlea. 'Daily Dispatch' egunkariko zuzendaria izan zen. Etiopian hasi zen lanean berriemaile moduan, abisiniarren alde eta italiarren aurka. Bigarren Mundu Gerran ere izan zen.
Heriotza. 1944ko abenduaren 25ean, britaniar armadako jeep bat irauli zen, Bengalako iparraldetik zihoala. Txoferra momentuan hil zen. Gorpua zegoen tokitik gertu, inskripzio hau zuen erloju bat agertu zen: «To Steer from the Basque Republic». Ez zegoen dudarik. Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariak Steerri oparitutako ordularia zen, Gernika suntsitu zuen bonbardatzeari buruzko egia munduari jakinarazteagatik.