GAURKOA. Txartel horia sistemari

Genero indarkeria jasan duten bi emakume nafarrek beren esperientziaren berri eman dute, eta testigantzek agerian jarri dute tratu txarren salaketak sarri «oztopo lasterketak» direla biktimentzat.

joxerra senar
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ateraiezu txartel gorria tratu txarren egileei iragarkia ikusten dudanean, telebista itzaltzen dut». Nekane 54 urteko emakumearen testigantzaren azken hitzak dira horiek. Ez du aurpegirik erakutsi nahi, baina 27 urteko infernuaren ostean, komunikabideen aurrean bere istorioa laburbiltzeko ausardia erakutsi du. Beretzat eta bere bi semeentzat elkarbizitzako azken bi urteak «ikaragarriak» izan zirela azaldu du, harik eta senarrak banantzea erabaki zuen arte. «Nik 27 urte neraman banandu nahian, baina inoiz ez nintzen ausartu, bera oldarkorra, jeloskorra eta xantaiazalea zelako». Banandu arren, irainak eta umiliazioak etengabeak ziren, eta depresio egoerara eraman zuten Nekane: «Ezin nuen senar ohia saihestu. Sekretuan beste pertsona batekin bizitzari berriz ekin nahian nenbilen, baina jabetu zenean okerrago izan zen. Etxean inor ez zegoenean sartzen zen, gauak ematen zituen eskaileretan. Atea jotzen zuen gaueko ordu txikietan. Batzuetan zioen beste batekin banenbilen hil egingo zuela».

Salaketa jarri zuen udaltzaingo, foruzaingo eta Guardia Zibilaren aurrean. «Behin eta berriz salaketaren arrazoia azaldu beharra, paperak eta paper gehiago egin beharra... Benetako tortura zen, are gehiago depresioan bazaude». 200 metroko urruntze agindua ezarri zioten. «Saihestezina zen kalean hura ikustea. Umiliagarria nola aparkatzen zuen nire autoaren ondoan». Senar ohiak salaketa jarri zuen haren aurka, eta lekuko baten laguntzaz, urruntze agindua kendu zioten. «Nire bizitzako une txarrena izan zen hura». Ez zen egoera hobetu, ordea. Asteartean beste epaiketa bat egingo diote eta hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute; «kriminala banintz bezala», dio.

Horma baten aurka

«Emakume batek ezin du frogatu zer gertatzen den bere etxean». Nekanek uste du egia nahikoa izan beharko litzatekeela, baina erakundeei ikertzeko borondaterik ez izatea egotzi die. «Zu inkriminatzen zaituen horma baten aurka jotzen duzu». Arantza bat du barruan , gainera, epaileen eta Poliziaren aurrean dena esatera ez zelako ausartu: «Familia eta lagunak ditugu, eta ez duzu sufritzea nahi. Zure gain eraman beharko duzu zama, hiltzen zaren arte». Negar malkoak ezin ditu saihestu. «Hilketak izateaz gain, emakume askok egiten dute beren buruaz beste sufrimendua amaitzea nahi dutelako».

Nekanez gain, Ana 40 urteko emakumeak ere eman du bere istorioaren berri. «Duela hogei hilabete tratu txar fisiko, psikologiko eta sexualengatik nire senarraren aurka salaketa jarri nuen. Nire senarra guardia zibila da, eta tratu txarren aurkako Guardia Zibilaren unitatean egiten du lan». Beldurrari aurre egiteko eman du bere esperientziaren berri. «Beti argi utzi zidan salatzen banuen lankide guztiak eta auzitegian dituen lagun batzuk, hala nola epaile bat, nire aurka jarriko zirela. Edonor geldituko zen lur jota, baina jada ez nuen ezer galtzeko. Bizitza kalbario bat zen ordurako». Salatu zuen lehen aldian, polizia batek ohartarazi zion senarrari, eta bigarrengoan ez zuten ezta atxilotu ere egin. Geroztik oztopo lasterketa bat da emakumearen bizitza. «Ez naiz babestuta sentitzen. Armatuta doa. Herio mehatxu larriak salatu ditut. Eta gizon honi inork ez dio txartel gorririk atera».

Istorio horiek entzun ostean, Tere Saez Andreak elkarteko kideak azpimarratu du alor horretan lan egiten duten erakunde publikoetako pertsona askoren aldetik genero ikuspuntutik «sentiberatasun eta prestakuntza falta handia» dagoela. Ez hori bakarrik. Haren ustez, «erasotzailearen estatusaren, lanaren edo nazionalitatearen arabera, modu batera edo bestera epaitzen da». Saezek gaineratu du biktimei baliabide ekonomiko eskasak ematen zaizkiela, eta etorkinak badira «ezer ere ez». Horrez gain, salatu du ez dagoela «datu base fidagarririk, ezta polizien arteko koordinaziorik ere». Zaintza neurri errealak oraindik ez direla indarrean jarri dio, eta biktimentzat arreta psikologiko iraunkorra aldarrikatu du. Haren ustez, «erakundeen erantzukizuna da» egoera hori guztia, eta kritika «eraikitzailea» izan arren, txartel horia atera dio sistemari.



Datu sorta

Salaketak. Urtarriletik ekainera bitartean Hego Euskal Herrian 2.133 salaketa aurkeztu dituzte emakumeek polizia etxeetan edo auzitegietan

Isilaraziak. Jaurlaritzak ondorioztatu du tratu txarrak jasaten dituzten hiru emakume-tik batek salaketa ez jartzeaerabakitzen duela.

Heriotzak. Aurten genero indarkeriaren ondorioz bost emakume hil dira Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.