Politika

Gaurtik igandera aukeratuko dute nor izango den Ahal Dugu-ko idazkari nagusia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Lau emakume dira idazkari izateko hautagai nagusiak. 15.000 lagunek eman dute izena bozketan parte hartzeko.

Nagua Albaren Aurrera Begira da hautagaitzetako bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
jon ordonez garmendia
2016ko martxoaren 3a
08:06
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-n Roberto Uriarteren lekukoa hartuko duen idazkari nagusia aukeratzeko prozesuan dira. Gaurtik igandera bozketan parte hartzeko izena eman duten 15.000 lagunek bozkatu ahal izango dute. Lau dira hautagai nagusiak: Nagua Alba (Aurrera Begira), Neskutz Rodriguez (Zurekin), Pilar Garrido (Kaliangora, Uriarteren babesa du) eta Amaia Arkotxa (Euskadi Baita Ere). Bozketaren emaitzak asteartean jakinaraziko dituzte, eta zuzendaritza berria osatuko dute. Idazkari nagusiaz gain, zuzendaritzako osatuko duten 34 lagunak aukeratu behar dituzte.

Orain arte egin diren aukeraketa prozesuetan herenek baino gutxiagok bozkatu dute (10.000 inguru ziren orduan izena emanak). Zehazki, aurreko zuzendaritza osatzeko prozesuan 3.142 lagunek bozkatu zuten, Batzar Nagusietarako zerrendak osatzeko bozketan 2.300 lagunek, eta Senaturako zerrenda osatzekoan, 2.449k. Bozketa horietan, Ahal Dugu-ren hiru korronte nagusiek parte hartu zuten: Kaliangora (Roberto Uriarteren korrontea zen), Zurekin (antikapitalisten korrontea) eta Euskadi Baita Ere. Orain, Aurrera Begira gehitu zaie. Nagua Alba Kongresuko diputatua du buru, Eduardu Maura eta Lander Martinezekin batera, eta Madrilgo zuzendaritzak bultzatutako korrontea da.

Nekutz Rodriguez batzarkidea da Bizkaian; Garrido, EHUko irakaslea; eta Arkotxa, Sestaoko militante bat. Lau horiez gain, badaude idazkari nagusi izateko aurkezten diren bi gizonezko ere, Patxi Garcia Tejedor eta Pedro de Viana. Eta horiez gain, zuzendaritzan sartzeko, korronte nagusietako hautagaiez gain, beste 26 hautagai independente daude.

Roberto Uriarte aurreko idazkari nagusiak kargua utzi zuenetik, zuzendaritzarik gabe zegoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu, iazko azarotik. Podemoseko buruen konfiantzarik ez zuelako utzi zuen kargua Uriartek, azaroan, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere bazituen kontrarioak. Batzorde tekniko bat eratu zuten kanpainarako. Otsailaren 29an hasi zuten hautagaiek kanpaina, eta igandera arte iraungo du.

Zuzendaritza baten beharra "ahalik eta azkarrena" osatzeko ahotsak ozen entzun dira azken asteetan. Besteak beste, Ahal Dugu-ko Ekintza Politikoko arduradun ohi Luis Alejosek "lurralde zuzendaritza" ez edukitzearen ajeak kritikatu zituen. Espainiako Podemosen zuzendaritzaren zain egon beharrak euskal gizartean erreferentzia galtzea zekarkion Ahal Dugu-ri, haren ustez. "Ahal Dugu-ren ahotsa argi eta garbi entzutea galerazten du, abenduaren 20ko hauteskundeetan botoetan lehen indarra izan zen arren". Alejosen ustez, primarioak egiteko beharra "larria" zen, eta horien "atzeratze ulertezina" kaltegarria zen alderdiarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.