Aste Santuko egunak gorriz markartuta egon dira Euskal Herriko milaka gazterentzat azken urteetan. Jaiegunak direlako, eta gazteak biltzeko egunak direlako ere bai. Aurten ere markatuta izango dute gazte askok agendan Aste Santuko ostirala, apirilaren 22a. Matxinsalto Eguna antolatu du gazte mugimenduak, gazteek «matxinadarako zer tresna dituzten » aztertu eta esperientziak trukatzeko elkarrekin.
Gogoeta egiteko baliatuko dituzte topaketak, atzoko aurkezpenean adierazi zutenez. «Iraultzarako tresnei» modu praktikoan begiratuko dietela azaldu dute, eta azterketak eremuz eremu egingo dituztela: kultura, komunikazioa, aisialdia, hezkuntza, sozioekonomia, nekazaritza, harreman ereduak eta sexualitatea.
Eta eztabaidak ez dira hutsetik abiatuko; aurrez egindako lanketen jarraipena izango dira. Iaz ere egin zituzten topaketak, Zestoan. «Argi geratu zen gazteok oraindik baditugula ametsak eta egungo statu quo-a aldatzeko gogoa», adierazi dute. Izan ere, gazteen ustez, azken urteetan ezarri den gizarte ereduak «arrisku» asko ditu, baina baita «aukerak» ere. Aukerei eutsi nahi diete: «Elkarlanean jardunda egungo sistema kapitalista patriarkala iraultzeko gai garela ikusi genuen Zestoan».
Duela urtebeteko eztabaidei jarraipena eman eta herriz herri diagnosiak egin dituzte azken hilabeteetan, gazteen «kezka eta beharrizanak identifikatzeko». Eta ondorio garbi bat atera dute: «Argi daukagu hau ez dela guk nahi dugun bizi-eredua eta herri eredua». Hortaz, gazteen arazo eta kezkak mahai gainean jarri, eta «kolektibo gisa erantzuten» saiatuko dira; norbanakoen jarreratik hasi eta kolektibora zabaltzen.
Pentsamendu horretan oinarrituta hautatu dute leloa: Iraultza gure baitan hasten da! Eta, «izotza kolpeka-kolpeka» apurtzen denez, «mailua hartzeko prest» daude; «ez pitzatzeko bakarrik, baita eraikitzeko ere».
Asko da egungo gizarte eredutik aldatu nahi dutena: kontsumismoa eta indibidualismoa, eta «gazteen berezko izaera errebelde, kritiko eta inkonformista» bideo jokoetan geratzeko joera, esaterako.
Gazte mugimenduak topaketak egingo ditu hilaren 22an
Gazteen arazoak konpontzeko eta egoera iraultzeko tresnei buruz hausnartuko dute Matxinsalto Egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu