Auzitegi Gorenak Segi «erakunde terrorista» izendatu zuenetik -2007a- gazte mugimenduaren kontra egiten den polizia operaziorik handiena da atzokoa, baina ez bakarra. Kale eraso zehatzik edo indarkeriazko ekintza jakinik leporatzen ez dieten arren, haietakoren batean «parte har zezaketela» dio, eta ETArekin lotu ditu 34 gazteak Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak. «ETAren harrobiari burua moztu diogu». «Segiko arduradun nagusiak» atxilotu dituztela dio, eta Segi berrantolatzea ekidin dutela. Ildo bereko adierazpenak egin zituen Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ere, «ETAren belaunaldi aldaketa trabatzeko» pauso garrantzitsua izan dela esanez.
Ia aldi berean abiatu zuten polizia operazioa 650 poliziak baino gehiagok. Gipuzkoan egin dute atxiloketa gehien. Donostian Aitziber Arrieta, Eihar Egaña, Maialen Eldua eta Oier Ibarguren eraman dituzte, Hondarribian Ibai Esteibarlanda elorriarra, Andoainen Euken Villasante, Villabonan Mikel Aiestaran, Tolosan Aritz Lopez, Legorretan Garazi Rodriguez, Amezketan Irati Mujika eta Zaldibian Xumai Matxain. Irati Mujika Guardia Zibilak eraman du, eta gainerakoak, Espainiako Poliziak. Lurralde hartan bi gaztetxe -Andoaingoa eta Zaldibiakoa- eta hiru herriko taberna arakatu zituzten -Andoaingoa, Zaldibiakoa eta Donostiako Egia auzokoa-.
Bizkaian, Espainiako Poliziak hiru lagun atxilotu zituen Sestaon- Nahia Aguado, Idoia Iragorri eta Mikel Arkaitz Totorika-, Aritz Petralanda Zamudion, Joseba Dalmau Galdakaon, Eñaut Aiartzaguena Iurretan eta Oier Zuñiga iruindarra Bilbon. Atxilotuen etxeak ez ezik, Iurretako elkarte bat eta Lekeitioko gaztetxea ere arakatu zituzten, gutxienez.
Lekeitioko gaztetxea miatzen ari zirenean beste bi lagun ere atxilotu zituen Ertzaintzak. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, elkarretaratzean zegoen talde bat Guardia Zibilari oldartu zitzaion, eta Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen. Gutxienez bi lagun atxilotu eta beste bi identifikatu zituen. Herrizaingo Sailaren arabera, atzo edo gaur libre uztekotan ziren atxilotu horiek. Miaketa hartan Lea-Artibaiko HITZA-ko kazetari bat jo eta lurrera bota du Ertzaintzak, lanean ari zela.
Araban atxiloketa guztiak hiriburuan egin zituzten: Jagoba Apaolaza, Jon Anda, Bittor Gonzalez, Jon Liguerzana, Aitor Liguerzana, Zumai Olalde, Goizane Pinedo, Unai Ruiz eta Nestor Silva. Guardia Zibilak eraman du Anda, eta Espainiako Poliziak gainerakoak. Atxilotuen eta haien senide batzuen etxebizitzak ez ezik, garaje zein trastelekuak ere arakatu zituzten, baita Garraxi taberna eta Zaramagako auzo elkartea ere.
Nafarroan Barañainen egin zuten atxiloketa gehien, lau: Oihana Fernandez, Raul Iriarte, Garbiñe Urra eta Jon Ziria. Espainiako Poliziak atxilotu zuen Iriarte, eta Guardia Zibilak gainerakoak. Gaztetxea ere arakatu zuten. Iruñean Amaia Elkano eta Mikel Eskiroz hartu zituzten atxilo, eta Burlatan, Itxaso Torregrosa.
Zizurko gaztetxea, Atarrabiako gazte lekua zein gazteen lokal bat, Antsoategiko auzo elkartea zein Zaldiko taberna, Barañaingo Gaztetxea, Iruñeko Alde Zaharreko auzo elkartea, Arrotxapeko Carbonilla elkartea, Alde Zaharreko Arrano elkartea, Txantreako Auzotegia eta Armonia Txantreana peña arakatu dituzte, gutxienez.
Espainiako Barne Ministerioak oharrean zabaldu duenez, Segiren dokumentazioa eta material informatikoa topatu dute miaketa horietan. Zutabe aldizkariaren ale batzuk, «bonbak egiteko erabiltzen diren» kanpin gas bonbonak eta sua pizteko materiala ere aurkitu dutela zabaldu dute. Nolanahi ere, bestelakoa da lekukoek esan dutena.
Armonia Txantreana peñako presidente Asier Nietoren arabera, peñako kideen zerrendak eta gisa horretako informazioa baino ez zuten eraman. Kulturaren inguruan eta herritarren parte-hartzea sustatu nahian ari direnen lana «kriminalizatzeko nahia» besterik ez du ikusten operazioan. Auzotegi elkartetik, berriz, ikastaroetan izena emandako jendearen zerrendak, aldizkariak, propaganda eta antzeko gauzak eraman zituzten, nahiz eta erakutsitako autoan kale erasoetako materialen eta gisakoen bila ari zirela jartzen zuen. Zizurko Esparru gaztetxetik, bestalde, gaztetxearen izena zuen egurrezko taila bat, pankartak egiteko plastikoa eta AHTari buruzko informazioa zuen kartel bat eraman zituzten, besteak beste.
Bi ikerketa, operazio bakarra
Berri agentziek eta komunikabideek gertutik jarraitutako operazioa izan da. Goizaldeko ordu bietan hasi ziren berri agentziak atxiloketen berri ematen. Atzemandakoen berri zehatzik ez zuten zabaldu hasieran, eta, esate baterako, Guardia Zibila artean Zizurko gaztetxera iritsi gabe zegoenean, miaketaren berri ematen ari zen El País egunkaria.
Atxiloketa guztiak egun berean egin badira ere, Barne Ministerioaren arabera, bi ikerketa daude operazioaren abiapuntuan: Espainiako Poliziarena bat eta Guardia Zibilarena bestea. Espainiako Poliziaren ikerketak Ekaitz Sirvent Parisen atxilotutako ustezko etakideari atzemandako dokumentazioan izango luke jatorria, betiere Barne Ministerioaren arabera. Guardia Zibilaren ikerketa, berriz, duela hilabete batzuk abiatu zela esan dute, «Segiren zuzendaritza berria sortzen ari zela ikusita».