Ertzaintzak egindako DNA probek baieztatu egin dute asteazkenean Adingabeen Fiskaltzaren aurrean bere burua erruduntzat aurkeztu zuen gaztea Amaia Azkueren hilketaren egilea dela. Joan zen martxoaren 16an hil zuela aitortu zuen gazteak, eta adierazpenak egin zituen unean bertan bere lagin biologikoak hartzeko baimena eman zien ertzainei. Ikerkuntzan hainbat «ebidentzia» aurkitu zituzten ikertzaileek, batik bat emakumearen autoan; horiek mutilari egindako probekin alderatu ostean, emaitzak positibo eman duela jakinarazi du Ertzaintzak.
Azpeitiko gaztea Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeentzako egoitzan dago joan zen asteazkenetik. Han sartu dute, nahiz eta ostegunaz geroztik adinez nagusia den. Hilketa burutu zuenean, baina, hamazazpi urte zituen, eta, horregatik, adingabeei dagokien legea aplikatuko zaio, eta zigorra ere horrelako zentro batean beteko du, ez espetxean. Gehienez zortzi urte egongo da egoitzan sartuta, eta bi urte gehiago lapurreta eta bahiketa egozten badizkiote.
Aitarekin eta abokatuarekin joan zen lehenik eta behin Azkoitiko polizia etxera deklaratzera, asteazken goizean. Lehen deialdi hartara Poliziak berak deitu zuen; arratsaldean, ostera, bere borondatez joan zen Donostiako Adingabeen Fiskaltzara. Han adierazi zuen emakumea jo eta hil egin zuela, eta, auzitegiko iturrien arabera, damu zela azaldu zuen. Ez zuen gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiagorik eman. Hala ere, hilketa aitortu izanak baliteke zigorra gutxitzeko bide ematea.
Gaztearen aitorpenak zirrara handia sortu du haren herrian, Azpeitian. Familia ezagun bateko semea da, eta aurrekariak ditu lapurretagatik. Kasu horretan ere, hasiera batean lapurreta jo zuten hilketa gauzatzeko arrazoi nagusitzat: emakumea hil zen egunean bertan 300 euro atera zituzten haren kontutik. Orain, baina, zalantzan jartzen da orduko hipotesi nagusia, eta hilketaren arrazoia beste bat izan ote zitekeen aztertzen ari da Ertzaintza. Izan ere, gaztearen adierazpenak «kontraesanez» beteak izan zirela adierazi zuen Poliziak.
«Kontraesanak» zituen arren, gaztearen adierazpenak kontuan hartu zituen Ertzaintzak, eta gertatutakoaren inguruan ikertzen jarraitu zuen. Haren Azpeitiko etxea miatu zuen asteazkenean bertan. Biktimaren eta hiltzailearen artean loturarik ote dagoen aztertzen ari da Polizia.
Dena den, mutilaren hatz markek baieztatu dute haren erruduntasuna. Aitorpenarekin eta frogekin, sekretupean dagoen ikerketa ia amaitutzat eman du Ertzaintzak, oraindik alderdi asko zehazteko badaude ere. 30 ikertzaile inguru aritu dira kasuan, eta Poliziak aitortu du lanak «oso sakonak» izan direla. Herritarren laguntza ere eskertu dute, hilabeteotan kaleko jendearen dei ugari jaso baitituzte Azkue azken aldiz ikusi zuteneko zehaztasunak emanez.
Zarauztik Ibai-Ederrera
Gazteak azaldutakoaren arabera, Azkuek Zarautzen (Gipuzkoa) hartu zuen gaztea autoan, hura autostopean ari baitzen. Erosketak egiten ikusi zuten azkenezkoz emakumea, 13:00 aldera, eta haren ondorengo irudia Zarauzko A-8 autobideko ordainlekukoa da, 13:20ean, pertsona batekin autoan zihoala. Ondoren, arratsaldeko 17:20 aldera, paseatzen ari ziren bizilagun batzuek haren gorpua aurkitu zuten Azpeitiko Ibai-Eder lakuan.
Denbora tarte hartan, harri batekin buruan jota hil zuen emakumea, nahiz eta ez dagoen argi zehazki non izan zen. Bi egun geroago, Azkueren ibilgailua aurkitu zuten Loiolako (Gipuzkoa) aparkaleku batean, gurpiletan lokatza zuela.
Emakumea hil aurretik bankuko txartelak kendu zizkiola ondorioztatu du poliziak. Egun hartan bertan 300 euro atera zituen Azpeitian gazteak, eta bi egun geroago berriro saiatu zen Zarautzen, kasu horretan lortu ez bazuen ere. Ertzaintzak oraindik ez du argitu gazteak nola lortu zituen txartelen zenbaki sekretuak.
Gaztearen DNA bat dator Azkueren autoan aurkitutakoarekin
Azkue hil zuela adierazi duen gazteak aitortza «kontraesankorra» egin du; frogek, ordea, egilea dela ziurtatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu