Gazteek «aro berriarekin» bat egin dutela diote hamasei auzipetuek

Akusazioek aurkeztu duten froga bakarra inkomunikazio aldian eginiko deklarazioak izan direla nabarmendu du defentsakAurreko astean atxilotutako hiru gazteak aske uzteko agindu du epaileak

Auzipetuetako batzuk, epaiketaren lehen saioa hasi aurretik Madrilen eginiko argazkian. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gazteak euskal gatazkaren konponbidearen parte direla aldarrikatu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dituzten Oiartzualdeko hamasei gazteek. Atzo egin zuten bosgarren eta azken auzi saioa, eta auzipetuek azken hitzak esateko aukera izan zuten. Guztien izenean, Arkaitz Anza gazte auzipetuak hitz egin zuen. Anzak azaldu zuen gazte mugimenduko kideak Euskal Herrian ireki den «aro politiko berriarekin» konprometituta daudela eta gatazkaren konponbidearen parte direla. Jokaleku berrian epaiketa politikoek «tokirik ez» dutela adierazi zuen, halaber.

Horren aurretik, defentsako abokatuek euren azken balorazioak azaldu zizkiotean epaimahaiari. Hamasei auzipetuen aurka akusazioek «froga objektibo bakar bat ere» ez dutela aurkeztu nabarmendu zuten, eta haien bezero guztien absoluzioa eskatu zuten. Akusazioek aurkeztu duten froga bakarra auzipetuak atxilotuta eta inkomunikatuta egon ziren egunetan eginiko polizia aurreko deklarazioak izan direla azaldu zuen defentsak, eta gogoratu zuen inkomunikazioa kendu ondoren gazte gehienek tortura eta tratu txarrak salatu zituztela.

Gazte auzipetuen azken hitza entzun ondoren, epaiketa amaitutzat eman zuen Javier Gomez Bermudez epaimahaiko buruak. Aurretik, joan den astean Errenterian atxilotu zituzten hiru auzipetuak aske uzteko agindu zuen. Oihana Mujika, Egoitz Urbe eta Iker Zabalak lehen auzi saioan ez aurkezteagatik atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. Epaiketa hasi zen egun berean atxilotu zituen Ertzaintzak Errenteriako Foru Plazan, haiei babesa ematera joan ziren herritarren protesten artean. Epaiketak iraun duen bi asteetan preso egon dira.

Epaiketaren lehen egun horretan, halaber, epaileak auzipetuetako baten absoluzioa onartu zuen, fiskalak eta AVTk ordezkatu duen herri akusazioak haren aurkako akusazioak erretiratu ostean.

Harrera, foru jauregian

Oiartzungo eta Errenteriako Segiko taldeetan aritu izana leporatuta, zortzina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak hamasei auzipetuentzat. AVTk, berriz, hamabi, hamar eta zortzi urte arteko zigorrak eskatu ditu.

Defentsa abokatuen argudioaren arabera, auzipetuen aurkako akusazioak oinarritu dira atxilotuei inkomunikazio aldian lortutako autoinkulpazioetan eta haiei egindako segimendu polizialetan. Akusazioek epaiketan zehar aurkeztu dituzten lekuko eta perituek —gazteen aurkako operazioan parte hartu zuten poliziek— akusazioen tesia eutsiezinik aritu zirela nabarmendu dute gazteen abokatuek.

Oiartzualdeko gazteek babes zabal jaso dute epaiketak iraun duen egunetan. Gaur, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egingo die foru jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.