Gazteen kontrako zigor eta epaiketak garaiz kanpokotzat salatu dituzte

Segikoak izatea egotzita epaitutako Donostiako hamabost gazteak aske uzteko eskatu dute manifestazio batean

Manifestazioa, Donostiako auzitegietara iristen, atzo eguerdian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herria «aro berri batean» dagoela eta aro horretan gazteen kontrako «epaiketa politikoak eta zigorrak» lekurik gabe gelditu direla aldarrikatu dute ehunka lagunek Donostian, Eleak mugimenduak deitutako manifestazioan. Segikoak izateaz akusatuta, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude Donostiako hamabost gazte. 2007an atxilotu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak seina urteko zigorrak eman zizkien. Gazteek errekurtsoa aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, eta espero dute Gorenak heldu den astean emango duela epaia.

Gazte horiek babesteko eta «epaiketa politikoak» amaitzea galdegiteko antolatu zuen manifestazioa atzo Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak. 13:00 aldera abiatu zen martxa, Donostiako Bulebarretik. Toki berean, Sahararen askatasuna aldarrikatzeko bilduak zeuden ehun bat lagun, «Sahara askatu!» oihuka, eta haien ondotik abiatu zen gazteen aldeko manifestazioa. Epaiketa politikorik ez, zigorrik ez. Euskal gazteria libre eta legala zioen pankarta bat zabaldu zuten Eleak-eko kideek eta auzipetutako bi gaztek, eta Askatasunaren Etorbidera jarraitu zuen martxak, tarteka «gazteria aurrera!» oihu eginez.

Egiarantz egin zuen manifestazioak, auzitegien aurrean bukatzeko. Lasai egin zuten bidea, ertzainen ibilgailu parea eta udaltzainak aurretik zituztela. Eleak mugimenduak balorazio ona egin du, eta protestan mila bat lagun bildu zirela nabarmendu. Alternatiba, EA eta ezker abertzaleko ordezkariak izan ziren manifestazioan, tartean baita Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere.

Martxa bukatuta, Donostiako auzitegien aurrean, Oihana Mujika Eleak mugimenduko kideak hartu zuen hitza. «Gazte hauek zigortzeko arrazoi bakarra haien militantzia politikoa da», ohartarazi zuen. Auzitegi Gorenak erabakitzen badu hamabost gazteak Segikoak direla zigortu egingo dituztela gogorarazi ostean, nabarmendu zuen «guztiz zilegi» jotzen dutela Segiko kide izatea: «Libreki antolatu eta Euskal Herriaren alde egitea ez da delitua». Elkartu eta antolatzeko eskubideak «pertsona ororen eskubide bortxaezinak» direla oroitarazi eta gazte horien «delitu» bakarra Euskal Herriaren eta gazteriaren alde egitea izan dela azaldu zuen.

Biharko konferentzia gogoan

Gazte horiek zigortzeko arrazoi bakarra haien «militantzia politikoa» baldin bada ez zigortzeko pisuzko beste arrazoi bat badela nabarmendu zuen Mujikak: Euskal Herriko egoera politiko berria. Bihar Donostian hasiko den konferentzia gogoan hartuz, seinalatu zuen nazioarteko komunitatea konponbideen alde dagoela eta auzipetutako gazteak ere «aro berri» horren «zutoin sendoak» direla. «Epaileek ezin diote muzin egin egoera horri», ohartarazi zuen Mujikak, eta Auzitegi Nazionalari eta Gorenari «anakronismo hutsa» izatea aurpegiratu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.