Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak otsailaren 28an aurkeztu zuen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa "arrakasta handia" izaten ari da, haren arabera. "Egunez egun haren kalitatea hobetzen ari da, zehaztasun handiagoa du eta gero eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen du", azaldu du gaur arratsaldean, prentsa ohar batean.
"Aurkezpen egunean behin eta berriz aipatu zenez, itzultzaile automatikoa laguntza tresna da, behar bezala erabili behar da. Hasieran akatsak eman ditzake, baina erabili ahala akats horiek zuzentzen joango dira eta bere kalitatea gero eta handiagoa izango da. Eta hala gertatzen ari da".
Datu batzuk eman ditu "arrakasta" erakutsi nahian. Esate baterako, otsailean itzultzeko 54.883 dokumentu eta 1.525.487 esaldi sartu ziren, eta maiatzean 335.190 dokumentu eta 29.948.918 esaldi. Apirilean izan zen beheraka Aste Santuagatik izan zela dio.
Hilabeteotan, besteak beste, hizkuntza zuzenketak sartu ditu, sisteman sailkapen bati jarraituta: akats orokorrak, lexikokoak, eta izen bereziak eta siglak.
Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa testu neutroak, erregistro formalekoak, eta oso egitura finkoak eta errepikakorrak dituztenak itzultzeko prestatu du Jaurlaritzak. Itzultzailea ezin da hiztegi moduan erabili; hau da, ezin du ordezkatu hiztegi bat.
Orain smartphone eta tablet-etan erabiltzeko prestatzen ari dira.