«Atxiloketak, torturak, mehatxuak, jarraipenak, laguntza eskaerak, epaiketa politikoak, espetxe zigorrak, jipoiak, legez kanporatzeak». Horixe da «euskal gazteriak pairatzen duen egoeraren argazkia», gazteen beren esanetan. «Lan politikoa egiteagatik» egun jasaten ari direna. Egoera hori salatzeko, bi mila lagun inguru bildu dira Durangon, Eleak mugimenduak antolatutako manifestazioan.
Espainiako Estatuak euskal gazteen kontra «makinaria errepresibo osoa» erabili duela salatu dute. «Baina ez dira ohartu Euskal Herrian ametsek indar handiagoa daukatela mehatxuek baino», ohartarazi dute. «Ez dira ohartu euskal gazteriaren konpromisoa handiagoa dela jasandako sufrimendua baino. Ez dira ohartu euskal gazteria ez direla 34, ez direla 21, ez direla 300 edo 1.000; milaka ahots, buru, amets eta oihu direla. Eta berriro diogu: hemen gaude eta hemen jarraituko dugu!».
Euskal Herria dagoen garai «itxaropentsu honetan» ere gazteek zeregin garrantzitsua dutela diote. «Benetako askatasuna eta demokrazia ezagutu nahi duen belaunaldia» dela adierazi dute, horregatik egon direla hasieratik konponbidearen aldeko «lehen lerroan», eta hala egingo dutela aurrerantzean ere.
Indarrak batzeko deia
Hortaz, orain arte «ezberdinen artean batzeko» erakutsitako gaitasuna lantzen jarraituko dutela hitzeman dute, eta batasunean sakonduko dutela. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da gure indarrak handitzea», arrazoitu dute. «Mugitu nahi ez duten horiek mugitzeko indarra izan behar dugu». Batuta, jazarriak direnak babestu, jazarpenak amaiarazi eta presoak askatzera deitu dute.
Gazteria geldiezina dela azaldu dute manifestazioan
Gazte independentistak jasaten ari diren jazarpena salatu dute 2.000 lagun inguruk Durangoko kaleetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu