Gazteriaren Euskal Legea babestuko du Elkarrekin Podemos-IUk

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak nabarmendu duenez, modua ematen du «gazteen emantzipazioa eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna» lortzeko, besteak beste. EH Bilduk, berriz, ez du legea babestuko: «Ez dituelako zehazten legearen helburu teorikoak lortzeko tresnak».

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarreko bozeramailearen prentaurrekoa, gaur goizean. ELKARREKIN PODEMOS-IU
unai etxenausia
2022ko otsailaren 21a
12:43
Entzun

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarreko bozeramailea pozik agertu da Gazteriaren Euskal Legearen hasierako zirriborroan sartzea lortu duten aldaketekin. Azaldu du legeak «gazteen emantzipazioa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gazteen parte hartze eraginkorra» ahalbidetzen dituela. Horregatik, Gorrotxategik aurreratu duenez, asteartean aurkeztuko den legearen inguruko txostenaren alde bozkatuko dute, eta gauza bera egingo dute legea onartuko den osoko bilkuran. Oraindik ez dago zehaztuta noiz izango den osoko bilkura.

Gazteen emantzipazio sarea sortzea da koalizioak legeari egindako ekarpen nagusia, Gorrotxategik azaldu duenez. Gazteentzako zerbitzu guztiak zentralizatzea da ekarpen horren helburua. Horrez gain, «gazteen parte hartzea sustatzea eta parte hartze hori erabakigarria izatea» da etorkizuneko legeak jasoko duen beste neurri bat, Gorrotxategiren arabera.

Azkenik, laneratzeko laguntza eta zerbitzuetarako eskubideak jasoko dira legean. Besteak beste, «gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna» bermatuko du. Besteak beste gazteen sexu eta jatorri aniztasuna aitortuko dela esan du Gorrotxategik.

Ez ditu lehentasun

Urkulluren Gobernuak ez ditu gazteak lehentasun. EH Bilduk ez du legea babestuko. Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak azaldu duenez, legeak «ez dio erantzuten gazteek egun duten errealitateari»; izan ere, ez ditu tresnak zehazten «legearen helburu teorikoak lortzeko».

Anbizioa falta zaion lege bat dela uste du Saez de Egilazek: «Gazteon nahiak eta beharrak lehen plano politikoan jartzeko, egoera eraldatzeko eta salto kualitatibo bat egiteko. Erantzun, neurri eta erabaki berriak legez martxan jartzeko aukera galdu du Urkulluren Gobernuak».

Emantzipazioa eta etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak, lan prekaritatea eta aisialdia… «egiturazko» arazo horiei ez zaie heldu, Saez de Egilazen ustez, eta hori hala izan da ez delako egon «negoziatzeko aukera erreal bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.