GAZTETXE MARTXA. «Zapaltzen gaituztenean soilik agertzen gara komunikabideetan»

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Beñat Irabazal Arrasateko Gazte Asanbladako (Gipuzkoa) kidea da, eta Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinakundean hartzen du parte. Martxarekin gaztetxe eta gazte asanbladen benetako izaera eta aurpegia erakutsi nahi dute.

Zein da martxaren helburua?

Gaztetxe eta gazte asanbladak gizarteratu egin nahi ditugu eta gizartearen babesa lortu. Martxa baliatu nahi dugu gure benetako izaera azaltzeko. Komunikabideetan agertzen den irudi desitxuratu hori aldatu nahi dugu, eta gure benetako izaera kaleratu.

Zergatik sumatu duzue premia hori?

Azkenaldian, gero eta eraso gehiago ari gara jasaten. Babesik gabeko egoeran gaude. Gaztetxeak herritik eta herriarentzako sortutako espazio libreak direnez, herriarengana jotzen dugu babesa eskatzera. Gaztetxeak herri eta auzoaren beharrei erantzuteko sortzen dira.

Zein da komunikabideek sortzen duten irudia?

Nahiz eta herri aldizkari batzuetan gaztetxeek egiten duten lana azaldu, beste askotan ez digute kasurik egiten. Komunikabide nazionaletan alde errepresiboa soilik agertzen da, zapaltzen gaituztenean soilik agertzen gara; gaztetxeak hustu edo eraitsi dituztenean, epaiketak daudenean, istiluak... Beti halako berriak izaten dira.

Gizarteak, oro har, zein iritzi du gaztetxeei buruz?

Lekuan lekukoa da. Herri gehienetan gaztetxeak oso errotuta daude. Euskal Jai hustu zutenean, esaterako, garbi ikusi zen Iruñean gaztetxeak duen indarra. Orokorrean, irudi positiboa dago, baina oraindik badaude batzuk gure kontra egiten dutenak, batez ere ezjakintasunagatik.

Zein da gaztetxe batek herri bati egin diezaiokeen ekarpena?

Leku libre bat eskaintzen du. Gazteek edota beste edonork ekintzak antolatzeko lekua eskaintzen du. Gure herrian, esaterako, Udalak gazteei ez dienez alternatibarik eskaintzen, gaztetxeak hutsune hori bete nahi du, eta mota guztietako ekitaldiak antolatzen ditu, adibidez, kontzertuak, hitzaldiak... Dena dela, herri bakoitzaren arabera, funtzio bat edo beste beteko du.

Instituzioek eskaintzen duten aisialdi ereduarekin ez zaudete ados? Zerk bereizten zaituzte?

Sustraiak, ditugun balioak. Instituzioetatik bideratzen den aisialdia kontsumista da erabat, ez dituzte gazteak kritiko izatera bultzatzen. Dena eginda ematen dute. Gaztetxeetatik bestelako balioak sustatzen dira: kritikotasuna, elkartasuna, bizikidetza... Gazteen aktibazioa eta parte-hartzea bultzatzen dira; instituzioek, aldiz, desaktibazioa bilatzen dute. Autogestioa praktikan jartzen dugu.

Gaur egun gaztetxe mugimendua bizirik dago?

Inoiz baino biziago dago. Orain dela bi urte hustu zuten Euskal Jai. Ordutik, Euskal Herri osoan hasi ziren okupazioak, gazte asanbladak berrindartzen... Mugimenduak gora egin du eta koordinazioan asko hobetu dugu. Gaztetxe Martxa, halako ekimen erraldoi bat antolatzeko gai izan gara. Gure arteko elkarlanera, komunikaziora behartu gaitu eta aldarrikatzen ditugun balioak praktikan jarri ditugu.

Azken urteetan gaztetxe ugari hustu eta eraitsi dira.

Okupazio berriekin erantzun diegu kaleratzeei. Irtenarazteek ez dute euren helburua betetzen, kontrakoa lortzen dute: mugimendua indartzen dute. Instituzioek gaztetxeen kontrako erasoak ugaritu egin dituzte. Min egiten die gure alternatibak.

Gustura koordinakundeak egin duen bidearekin?

Bai. Nahiz eta bakoitzak gure berezitasunak eduki, guztiontzat izan da oso aberasgarria, azken finean, bide berean gaudelako. Esaterako, Sorgintxulo hustu zutenean, ia herri guztietan egin ziren elkarretaratzeak. Elkarri babesa eta laguntza emateko balio du, eta hori oso lagungarria da eguneroko martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.