Gaztetxeen alde, manifestaldia egingo dute hilaren 25ean Bilbon

Gaztetxeen alde bustitzera deitu zuten atzo Bilbon. MARISOL RAMIREZ.
Bilbo
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Ez gara galernen eta ontzidi ikusgarrien beldur. Korrontearen kontra igeri egiten jarraituko dugu, ur nahastuetan murgiltzen, eta ez dugu inoiz dudarik izango kai abandonatuak abordatzeko», hala esan zuten atzo Bilboko Okupazio Mugimenduko kideek, eta, gaztetxeen alde egiteko, manifestaziora deitu zuten. Abuztuaren 25ean izango da, 17:00etan, Bilboko Plaza Biribiletik abiatuta. Horrela, azkenaldian hainbat gaztetxek jasan dituzten erasoak salatu, eta gune autogestionatuak defendatzeko deia egin zuten.

Santutxuko La Komi, Iralako gazte lokala, Plentziako Ermitatze eta Errekaldeko Kukutza jarri dituzte, besteak beste, hustutzeak eta erasoak jasan dituzten gaztetxeen adibide gisa. «Inperioaren ontzidiak norabidea indartu duela ikusi dugu, guztion artean poliki-poliki eraiki ditugun irlatxoak bukatu nahian», azaldu dute. Ildo horretan, gaztetxeak diren «irla» horiek defendatu dituzte, justuagoa den gizarte bat sortzeko guneak direlakoan. Hortaz, azken hilabeteetan «okupazio mugimendua bukatzeko helburuz jasandako kaleratze bolada» salatu, eta hilaren 25ean gaztetxeen alde bustitzeko deia egin dute.

Txalupa ondoan, bainujantzi eta flotagailuak soinean zituztela agertu ziren gazteak Bilboko ibai ertzean, eta manifestaldira ere horrela agertzeko deia egin dute. Aste Nagusiaren barnean egingo dute manifestaldia, eta sorpresak izango direla iragarri dute. Manifestazioa amaituta, sikoblok proba eta errakaren okupazioa izango dira, aldarrikapenak umorearentzako tokia ere baduelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.