Gehiengo aurrerakoia batu nahi du ezker abertzaleak Gipuzkoan

EAJren hegemonia hautsi eta aldaketa politiko eta soziala gauzatzen hasteko unea iritsi dela dio

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoan aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko baldintzak daudela uste du ezker abertzaleak, eta, horretarako, «gehiengo aurrerakoi eta abertzalea» artikulatzen hasteko saioa egingo du, hark aldaketa horren «motore» lanak egin ditzan. «Adostasunak bilatzen hasteko» deia egin die eragile politiko, sozial eta sindikalei, eta haiekin biltzen hasiko dela jakinarazi du. «Ezinbestekoa da gogoeta estrategiko bat egitea».

Gipuzkoako ezker abertzalearen asmoen berri emateko, hainbat hautetsi agertu ziren atzo prentsaurrekoan, Donostian. Han ziren, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea, Agurne Barruso Bergarakoa, Maider Ziganda Pasaiakoa, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgoa, Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohia, Miren Legorburu Hondarribiko zinegotzia eta Karmele Aierbe ezker abertzaleko ordezkaria. Haien izenean, Idoia Aiastuik argitu zuen indar abertzale eta aurrerakoiak batzeko saioa ez dutela hauteskundeetara begira jarri abian, «urrutirago doa», esan zuen. Izan ere, aukera historikoa dagoela uste du ezker abertzaleak, eta, beraz, ausardiaz, konpromisoz eta arduraz jokatzeko deia egin du, alderdi interesen gainetik.

EAJren eredua agortuta dagoela azaldu du Aiastuik, eta hori, besteak beste, «ezker abertzalearen urteetako borrokak markoa agorpen politikora eraman duelako» gertatu dela. Alderdi jeltzaleari egotzi dio «Euskal Herriaren zatiketa eta eskubideen urraketan oinarritutako markoa» kudeatuz Espainiari eta aginte ekonomikoari egonkortasuna ematea. Boterearekin eta «poltsikoak betetzearekin» kezkatu da EAJ, ezker abertzalearen irudiko.

Ezker abertzalearen ustez, «iraganeko inposizio eta zapalkuntza» gainditzeko aukera dago. Aldaketa politikorako baldintza egokiak daudela uste du, eta baldintzak egoteaz gain, aldaketa horren alde egiteko gehiengo politiko eta sozial bat ere badagoela ohartarazi dute. Nolanahi ere, gizartearen argazkia «desitxuratuta» dagoela salatu dute, Alderdien Legearen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.