HEZKUNTZA

Gehiengo sindikala gabe sinatu dute hezkuntzan bizikidetza bultzatzeko ituna

Jonan Fernandezek adierazi du "abiapuntua" dela gaurko akordioa, eta zabalik dagoela. Itxaropena agertu du, beraz, sindikatu abertzaleek ere bat egiteko. Herrira-ren aurkako operazioaren hurrengo egunean izenpetu dute. "Berri txarren artean, berri ona da".

Ekitaldia Kursaalean. J. M., ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urriaren 1a
15:06
Entzun

Gizalegez izeneko akordioa sinatu dute hezkuntzako hogei eragilek eta Eusko Jaurlaritzak. Herenegun BERRIAk aurreratu zuen eran, oso akordio orokorra da, kontzeptu abstraktuak aipatzen dituena. Gatazkak era orokorrean aipatzen ditu, eta lau arrazoi ikusten ditu horien oinarrian: dogmatismoa, fatalismoa, manikeismoa eta sektarismoa. Horiei aurre egiteko konpromisoa hartu dute agiria sinatu dutenek. Horien artean daude, besteak beste, EAEko hiru unibertsitateak, Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, eta CCOO eta UGT sindikatuak.

Donostiako Kursaalean sinatu dute ituna, ekitaldi xume batean. Orain bi urte Isabel Zelaa sailburu zela izenpetutako hitzarmenak baino ikusmin gutxiago eragin du, eta ekitaldia bera ere apalagoa izan da. Jonan Fernandezek Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak egin du sarrerako hitzaldia, eta aurreko itun hura ekarri du gogora. Oinarrietako bat hura dela adierazi du, baina nabarmendu du "hezkuntza komunitateak urteetan egindako lana" duela helduleku nagusia.

Herrira-ren aurkako sarekadaren hurrengo egunean sinatu dute Gizalegez ituna. "Berri txarrean arean, berri ona da", esan du ekitaldian Fernandezek. Ondoren kazetariei egindako adierazpenetan, berretsi du atzerapausoa dela atzoko operazioa. "Une txarra da akordioa sinatzeko, atzokoaren ondoren. Baina erakusten du elkarrizketa eta akordio prozesuak behar direla".

Sindikatuen hutsunea

CCOO eta UGT sindikatuak bai, baina gehiengo sindikala osatzen duten taldeak —LAB, EILAS eta ELA— ez dira joan gaurko ekitaldira. Ekainetik aritu dira Jaurlaritzarekin testua negoziatzen, eta, akordioaren oinarriarekin ados agertu diren arren, zehaztasun gehiago eskatu diote gobernuari. Izan ere, oso orokorra da testua, ez du ekintza zehatzik biltzen, eta horri buruz argibideak nahi zituzten sindikatuek. Zabalik utzi dute, beraz, akordioa geroago sinatzeko aukera. EILASek, adibidez, prozesu hori gertutik jarraituko duela iragarri du. "EILAS lankidetzarako prest dago, Hezkuntza Sailarekin eta beste hezkuntza eragileekin batera plan honek eskaintzen dituen aukerak aztertzeko".

ELAk, zehaztapenen falta sumatzeaz gain, nabarmendu du alderdi politikoen artean eta gizartean oinarrizko akordiorik ez dagoela bizikidetzaren gaian. "Ez dugu baldintza nahikorik ikusten hezkuntzaren esparrura horrelako akordiorik eramateko. Aspaldidanik ari gara ikastetxeetan normalizazio demokratiko eta bizikidetzarako lana egiten, baina ez dugu egoki ikusten hezkuntzara eraman nahi izatea lan horren zama".

Horri heldu dio Fernandezek ere, eta baikortasunez begiratu nahi izan dio sindikatuen jarrerari. "Ez dira kanpoan geratu, ez dute baztertu aurrerago sinatzea". Orain bi urte izenpetutako hitzarmenarekin ez zuten bat egin LABek, EILASek eta ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.