Nafarroa

Gendulaingo hirigintza proiektua baliogabetu du Auzitegi Nagusiak

Auzitegiak ebatzi du planak ez duela jaso eremutik igarotzen diren trenbidearen eta komunikazio elektronikoen inguruko azterketarik, ezta eremu barruko lursailen jaberik ere.

Gendulain herriko lurrak. LANDER F. ARROIABE, ARP
joxerra senar
2014ko apirilaren 4a
11:24
Entzun

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Aretoak baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 2an onartutako Gendulaingo hirigintza proiektua (teknikoki PSIS edo udalez gaindiko eragina duen sektore plana). Galar Zendeako eta Zizur Zendeako udalek 2012ko irailean aurkeztu zuten salaketa, eta bederatzi argudio aurkeztu zituzten plana atzera botatzeko eskatuz. Azkenik, horietako bi onartu ditu Auzitegi Nagusiak, baina hala gobernuak nola Desarrollo Sostenible enpresak kasazio helegitea aurkez dezakete.

Planean ez da zehazten nortzuk diren gaur egun lursailen eta bertako etxaldeen jabeak. Nafarroako Gobernuak dio sustapen enpresaren espedientea baino ez duela jarri, eta, Desarrollo Sosteniblek dioenez, "espediente hori da oraingoz eman daitekeena". Auzitegiak dio eremu barruko lursailen eta etxaldeen informazioa argitaratu behar dela eta ezin dela hori ondoren egin.

Auzi hori interesgarria da. Izan ere, Desarrollo Sosteniblek (Nafarroako 40 eraikuntza enpresa zeuden bertan) Gendulaingo kontearen oinordekoei erosi zizkien Gendulaingo 300 hektareak, 2005ean, 130 milioi euroren truke. Helburua zen 18.390 etxe eraikitzea eta ezerezetik Nafarroako bigarren hiria sortzea. Krisiak berekin eraman zuen proiektua. Hala, gaur egun ez dago zehaztuta 2005ean erositako lursail horren jabe den Desarrollo Sostenible, edo mailegua eman zioten finantza erakundeen (tartean Nafarroako Kutxa) eskuetan dagoen.

Gainera, bi udalek argudiatu zutenez planak hainbat azterketa jaso behar zituen: Ebroko Ur Konfederazioarena, Sustapen Ministerioarena trenbideari buruz, Zientzia Ministerioaren komunikazio elektronikoei buruz, beste bat errepideei buruz eta  Iruñerriko Mankomunitatearenak zerbitzuei buruz. Gobernuaren zein Desarrollo Sostenibleren arabera, azterketok jasotzea "ez zen beharrezkoa". Dena den, Gorenak bere jurisprudentzian ezartzen du txostenok ez badaude plana baliogabetu behar dela. Auzitegi Nagusiak bere egin du Gorenaren tesia.

Bere alegazioan, udalek beste zazpi arrazoi jarri dituzte, baina horiek ez ditu onartu epaitegiak. Udalek arrazoitzen zuten ez zegokiola gobernuari plan hori egitea, Nafarroako Gobernuak arbitrariotasunez jokatu duela plan horretan, eta Gendulain ez dela bideragarria. Epaileen arabera, badagokio gobernuari plan hori egitea eta beste bi argudioen kasuan ez da sartu hala den aztertzera. "Auzitegi honek ez du nahikoa daturik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.