Genero bortxari aurre egiteko, koordinazio ona nabarmendu dute

Emakunderen txosten batek ohartarazi du biktimekiko harrera ez dagoela instituzionalizatua

Maria Silvestre, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Genero indarkeriaren biktimak artatzeko agenteen arteko koordinazioa ontzat eman du Emakundek, nahiz eta biktimen arreta ez dagoen instituzionalizatua. Emakumeen kontrako etxeko tratu txarren arloko harrera baliabideen garrantziaren eta eraginkortasunaren ebaluazio txostena-ren ondorioetako bat da hori. Horrez gain, txostenaren arabera, genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei ez zaie lehentasunik ematen Osakidetzan.

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak atzo txostenaren aurkezpenean azaldu zuenez, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen arretan parte hartzen duten agenteen arteko koordinazioan «maila ona» dago. Dena dela, hutsuneak ere badira: «Osasun sisteman, eta justizia nahiz hezkuntza alorretan, askotan genero indarkeriaren biktimekiko harrera ez dago instituzionalizatua, eta koordinazio maila harreran parte hartzen duen profesionalaren araberakoa izaten da», dio txostenak.

Osasun eremuan egiten ari den bidea nabarmendu zuen Silvestrek, eta Emakundek emandako gomendioei Osasun Sailak emandako erantzunekin «pozik» dagoela gaineratu. Ildo horretan, Zaindu programa ekarri zuen gogora Silvestrek; tratu txarren biktimek osasun langileei beren egoeraren berri eman diezaieten sustatu dute programa hori.

Hezkuntza alorrari dagokionez, Emakundek bere txostenean adierazi du genero indarkeriaren biktimen seme-alabak «mugitzeko eta jasotzeko» jarrera ona dagoela hezkuntza sisteman. Aitzitik, txostenaren arabera, «askotan irakasleek ez dituzte beste ikasleak bezala tratatzen, eta neurri batean seinalatuak sentitzen dira, haiekiko hainbat aurreiritzi eta estereotipo izaten baitira».

Harrerako guneetako baliabideei dagokienez, emakumeen beharrei erantzuten dietela ondorioztatu du Emakundek, baina onartu du kasu batzuetan, toxikomaniak eta osasun mentaleko gaitzak tarteko direnean, baliabide horiek ez direla nahikoa.

Era berean, emakumeen harrerarako zerbitzuak egokitzearen alde dago Silvestre: «Batzuk gainezka daudelako eta beste batzuk, berriz, behar dena baino gutxiago erabiltzen direlako».

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeak lan munduan eta gizartean integratzea «betetzeko zailena den helburua» dela uste du Emakundeko zuzendariak, eta, haren ustez, Lanbide «aukera bat izan daiteke gaur egun emakume horiek integratzeko».

Genero indarkeriako bi kasu

Azken egunetan, genero indarkeriako bi kasu gertatu dira. Igandean Basauriko (Bizkaia) polizia etxeko ertzainek 41 urteko gizon bat atxilotu zuten, ustez emazteari eraso egin ziolako. Ertzaintzaren arabera, kolpeak eman zizkion musika tresna batekin —egurrezko banjo batekin— buru eta aurpegi aldean, eta, horien ondorioz, bekoki aldean zauri bat egin zion, eta lepoan, ebaki batzuk. Bizilagun batek deituta joan ziren etxera ertzainak, eta emakumeak jakinarazi zien senarrak jo egin ziola, haurra besoetan zuela. Emakumearen arabera, ez zen tratu txarrak jasotzen zituen aurreneko aldia, eta salatu zuen haurdun zegoela ere jo ziola senarrak.

Hendaian (Lapurdi), berriz, 18 urteko mutil batek ustez eraso egin zion igandean bere bikotekide ohiari, eta azken horren lagun batek sukaldeko aizto batekin zauritu zuen erasotzailea. Poliziaren arabera, erasotzailea herriguneko La Fontaine karrikako etxe batera joan zen, eta han mehatxu egiteaz gain, eraso egin zion cutter batekin 16 urteko neska bati. Etxean biktimaren ahizpa eta lagun bat zeuden, eta horrek 20 zentimetroko sukaldeko aizto bat hartu eta erasotzailea zauritu zuen. Osasun zerbitzuak iritsi zirenean, neska artatu zuten, baina ez zuten ospitaleratzeko beharrik ikusi. Mutila, aldiz, Baionako ospitalera eraman zuten.

Horrez gain, Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen igandean Bilbon, mehatxuak, legez kanpoko atxiloketa eta sexu erasoa leporatuta. Herrizaingo Sailaren arabera, taberna bateko bezeroei mehatxu egin zien labana batekin, eta bere etxe ondoko beste taberna batean neska bati ukitu lizunak egin zizkion. Gertaera horien berri jakin ostean, ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak, eta ertzainak gizonaren etxera joan zirenean, horrek ez zien atea ireki. Apur bat geroago, etxeko leiho batetik norbaitek hainbat mezu idatzi jaurti zituen. Mezu horietan zioen etxekideak ez ziola atea irekitzen uzten eta ohartarazi ziola hala eginez gero eraso egingo ziola.

Ertzainek, etxeko giltza lortu eta barrura sartu zirenean, gazte bat aurkitu zuten sukaldean labana handi batekin, eta atxilotu egin zuten. Etxeko beste bizilaguna gela batean zegoen, eta ertzainei jakinarazi zien mezuak berak bota zituela leihotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.