Genero indarkeriari lotutako 1.227 salaketa jarri zituzten iaz Nafarroan

Indarkeria matxistaren biktimen artean GPSa duten eskuko telefonoak banatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroan 1.227 salaketa jarri zituzten iaz indarkeria matxistarekin zerikusia zuten delituengatik. Salaketen %52 bikotekideari eraso egiteagatik jarri zituzten; %31, berriz, bikotekide ohiari oldartzeagatik. Gainontzekoak, bestelako egoera batzuetan eginiko erasoen ondorioz jarri zituzten.

Elena Torres Nafarroako Gobernuko Berdintasun, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietarako kontseilariak atzo jakinarazi zituen datu horiek, emakumeen aurkako indarkeriaren jarraipenerako batzordeak bilera egin ondoren.Azaldu zuenez, iazko salaketa kopurua %1,3 igo da 2010eko datuarekin alderatuta. 2011ko denuntzien erdiak baino gehiago (%64) Iruñerrian jarri zituztela erantsi du Torresek.

Indarrean dagoen legealdirako Berdintasun Kontseiluaren helburu nagusia genero indarkeriaren aurkako lege bat sortzea dela ziurtatu zuen: «Biktimen babesean, prebentzioan eta koordinazioan urratsak egin nahi ditugu». Indarkeria sexistari lotutako erasoen berri asteazkenero ematen zuen gobernuak, baina irizpidea aldatu egin du urte berriarekin batera; eraso «esanguratsuenen» berri emango du soilik.

670 telefono, GPSarekin

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ezagutarazi duenez, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen artean GPS sistema duten 670 sakelako telefono banatzen ari da Ertzaintza. Sakelakoen %40 Bizkaian banatu dituzte; %32, Gipuzkoan; eta %28, Araban. Tekla jakin bati emanez gero, laguntza eskaera bideratzen du Bortxa izeneko telefonoak; ondoren, seinale isil bat jasotzen du andreak, hura babesteko Polizia operazioa abian dela baieztatzeko. Telefono GPSduna da indarkeria sexistaren biktimen eskaera ohikoenetako bat, Herrizaingo Sailak ziurtatu duenez. Gaur-gaurkoz, 482 emakumek dute sakelako hori.

Bestalde, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko asmoz, 525.000 euroren diru laguntzak emango dituela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hain zuzen, 420.000 euro emakumeen elkarteei emango dizkie diputazioak; 105.000 euro, berriz, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalei, horietan ere berdintasuna sustatzeko egitasmoak martxan jar ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.