Genetika kontua da, txo!
Urrun sentitzen dute gazteek politika, eta alderdiek ondo ezagutzen dute hori. Ziurgabetasuna, lana, etxebizitza... Ohiko politikaren eskeman promesekin estaltzen dituzte kezka horiek. Enplegua sortzeko plan bat bultzatuko duela hitzeman du EAJk. Ekintzaileak lagunduko dituela. Baldintzak sortuko dituela. Ondo dago hori. Baina gehiago dirudi alderdiak planifikatua, gazteek eskatua baino. Euskal Herrian oso hedatuta dago elkartegintza, eta asko dira lantzen dituzten gaiak: kultura, euskara, ekologismoa, feminismoa... Entzun besterik ez diete egin behar. Administrazioek, baina, ez dute pauso eraginkorrik ematen, ez dute komunikazioa lantzen, ez dituzte baliabideak jartzen. Kontrakoa dirudi —hor dago Kukutza gaztetxearekin gertatutakoa—. Izan daiteke gazteen gehiengoa kritikoa delako egungo gizarte ereduak ezarritako balioekin. Baina ezin da ukatu haiek ere ekintzaileak direla, aberastasuna sortzen dutela. Dirudienez, aberastasun hori ez da EAJren ereduan sartzen. Ortuzarrek azaldu du: «Negozio bat garatzeko ideiak dituzten gazteak lagunduko ditugu, euskaldunen DNAn dago hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu