Arabako jeltzaleen arteko liskarrek ez dute etenik. Bi sektoreen arteko ika-mikak areagotu egin ziren atzoko batzarrean, sektoreetako batek planto egiteraino.Iñaki Gerenabarrena orain arte Araba Buru Batzarreko presidente izan denaren aldekoek batzarreko osaketa aukeratzeko bozetan parte hartzeari uko egin, eta alde egin zuten bileratik atzo. Ondorioz, Xabier Agirre presidente berriaren ildokoak izango dira jaun eta jabe ABB berrian: zerrenda osatzen duten 14 kideetatik 13 ordezkatuko dituzte.
Oso bestelako emaitzak utzi zituzten aurreko asteko bozek: Agirre aukeratu zuten presidente, baina haren ildoko bost kide besterik ez ziren sartu ABBn. Gainontzekoak Gerenabarrenaren aldekoak ziren. Presidente berriaren gertukoek «irregulartasunak» egon zirela esanda protesta egin, eta EAJren Justizia Auzitegi Nazionalak bozketa berriz egiteko agindu du aste honetan. Sumindu egin ditu horrek Gerenabarrenaren ildokoak; atzo batzarra berritzeko bozketa errepikatzeko bileran ez zeudela ados esan, eta uko egin zioten erabakian parte hartzeari.
Ondorioz, honakoak dira Agirreren agindupean ABB berria osatuko dutenak: Claudio Rodriguez, Jon Uriarte, Maixabel Azpillaga, Roman Berriozabal, Javier Losa, Irune Muguruza, Idoia Goiri, Borja Ormaetxea, Beatriz Artolazabal, Gorka Iturriaga, Juan Carlos Audikana, Jose Antonio Suso, Goio Garrido eta Eugenio Jimenez. Azkena Gerenabarrenaren aldekoagoa da.
Gerenabarrena presidente ohiaren ildokoek uko egin diote ABBn segitzeari
Bozketa errepikatzeko aginduaren ondoren, Agirreren aldekoak izango dira Araba Buru Batzarreko 14 kidetik 13
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu