ETAren su-etena. ErreferentziakOinarrizko erreferentziak

Gernika, prozesuaren iparrorratza

Ziklo berria urratsez urrats egiteko pentsatuta dago, eta horrela ulertu zuten Bruselako Adierazpenaren sinatzaileekGernikako Akordioak elkarrizketaren eta negoziazioaren gakoak aurreikusi ditu

Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa aurkezteko ekitaldia, Gernikan, joan den irailaren 25ean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ziklo berriak prozesu progresibo gisa diseinatua dirudi. Urratsez urrats egiteko moduan pentsatua. Horrela ulertu zuten Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek. Martxoaren 29ko adierazpen horretan, aintzakotzat hartu zuten ezker abertzaleak Altsasun eta Zutik Euskal Herria ebazpenean bake bidearekin agertutako konpromisoa, eta ETAri lehen urrats bat baino ez zioten eskatu: su-eten iraunkor eta egiaztagarria. Urrats horri Espainiako Gobernuaren «behar bezalako erantzunak» jarraitu beharko zion, ikusmolde horren arabera.

Gernikako Akordioak, irailaren 25ean 28 eragilek sinatu zuten akordioak, ikuskera progresibo bera du bere barnean. Izan ere, akordio hori prozesuaren iparrorratz gisa landuta dago; batetik, prozesuaren hasieran behar diren gutxieneko demokratikoak zehaztuta; bestetik, aurrera begira eraiki beharreko elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren printzipioak eta baldintzak finkatuta.

Hastapeneko gutxienekoei dagokienez, ETAri mintzatzeko orduan, Bruselako Adierazpenaren arrastoari jarraitu dio Gernikako Akordioak. «Nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa» eskatu dio ETAri, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek bezala, baina urrats bat gehiago eginda: «Jarduera armatua behin betiko uzteko borondate gisa». Dena prozesu progresibo baten ikuspegiarekin, baina baita norabide argiarekin ere. Presoen egoerari lotutako gutxieneko demokratikoen kasuan ere ikuspegi hori azaldu du, amnistiaren helburua aipatuta lehen urratsak zehazten direlako.

Gutxieneko demokratikoen ezarpenetik haratago, aldaketa politikorako elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren oinarriak—Mitchell printzipioak—, subjektuak eta edukiak finkatuta gelditu dira Gernikako Akordioan.

BRUSELAKO ADIERAZPENA



Eskaera ETAri eta Espainiako Gobernuari. «Uste dugu datozen hilabeteetan behin betiko bete daitekeela bide bakezale, demokratiko eta indarkeriarik gabekoen alde egiteko konpromiso hori. Hori dela eta, ETAri eskatzen diogu konpromiso horrekin bat egin dezan, su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat emanda. Su-eten horrek, [Espainiako] Gobernuak behar bezala erantzunez gero, bide emango luke beste ahalegin politiko eta demokratiko batzuk egiteko, desberdintasunak konpontzeko eta bake iraunkorra lortzeko».

GERNIKAKO AKORDIOA



Eskaera ETAri. «ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa».

Eskubide zibil eta politikoen bermea. «Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako».

Mehatxurik ez. «Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa».

Presoen egoera. «Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin: Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea, legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea, legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe, zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea».

Elkarrizketa eta negoziazioa. «Era berean, sinatzaileok uste dugu horrelako prozesu baten testuinguruan, non bake eta normalizazio politiko nahikoak lortuak egongo diren, ezinbestekoa izango dela elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko».

Mitchell Printzipioak. «Mitchell Printzipioak deiturikoetan azaldutako konpromisoek zuzenduko dituzte elkarrizketa eta arlo guztiei buruzko negoziazioak».

Edukiak. «Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa izango dute helburu: euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez, independentzia barne; eta herriak duen borondate demokratikoa errespetatzeari buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.