GERNIKA SARIA

Gernika saria jaso dute Jose Mujicak eta Paco Etxeberriak

Gernikako bonbardaketaren 79. urteurrena oroitu dute. Minutu bateko isilunea egin dute egun gerretatik ihesi ari diren errefuxiatuen omenez (bideoa: Argazki Press). [Youtube]https://youtu.be/ZOo-rugj_68[/Youtube]

aitor biain
2016ko apirilaren 27a
16:57
Entzun

Beste urte batez, 1937ko bonbardaketa oroitu zuten Gernika-Lumon (Bizkaia). Ekitaldi andana izan ziren egun guztian, eraso hura gogoratzeko eta biktimak omentzeko. Eguerdian banatu zituzten Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko XII. Gernika sariak: Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia —ez zen saria emateko ekitaldian izan— eta Paco Etxeberria auzitegi medikua izan dira aurtengo sarituak. Bereziki 1936ko gerran hildakoen gorpuak aurkitzeko egindako lana eskertu zioten Etxeberriari.

Errefuxiatuen egoera ere hizpide izan dute aurtengo ekitaldietan. Minutu bateko isilunea egin zuten sari-emate ekitaldian iheslarien omenez, Jose Maria Gorroño alkateak eskatuta. Munduari Gernikako erasoaren berri eman zion George Steer kazetariaren semeak ere gogoan izan zituen egun gatazketatik ihesi ari direnak: «Nire aita bizirik balego, haiek jasaten ari direnari buruz idatziko luke». Egunaren hasieran egin zioten lore eskaintza kazetari britainiarrari, haren omenezko eskulturaren aurrean, urtero bezala. Eguna, baina, garai hartan herriko alkate zen Jose Labauriari eginiko omenaldiarekin hasi zuten Gernikan.

Arratsaldean, ordea, sirena hotsak entzun ziren herrian, bonbardaketa hasi zen ordu berean, eta hildakoak oroitu zituzten hilerrian. Ekitaldi horretan izan ziren Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Josu Erkoreka bozeramailea, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria. Iluntzean, erasoa gogoratzeko antzerkia eta manifestazio isila egin zuten.

Kimu bat Auschwitzera

Urteurrena baliatuz, Euskal Herrian da Janusz Chwierut Oswiecin hiriko alkatea —alemaniarrek Auschwitz deitutakoa—. Nazioen Berradiskidetze Parkearen proiektua ekarri du, eta Gernikako Arbolaren kimu batekin itzuliko da Poloniara. Kontzentrazio eremuan landatu nahi dute datorren urtean, 80. urteurrenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.